Merezitako aitortza egin diote Itsason bertako produktuari
Azoka, herriko eta inguruko ekoizleen gaiak erosteko aukera egon da. Nutrizio tailerra arrakastatsua izan da. Manu Hernandez gastronomiaz arduratu da
Salmenta azoka, nutrizio tailerra eta gastronomia erakustaldia eta dastaketa ardatz hartuta, Bertako Produktuen Sustapenerako I. Jardunaldia egin zuten larunbat arratsalde-iluntza partean Itsasoko plazan, eguraldia lagun zutela. Itsaso bertako eta inguruko hainbat ekoizle, Amaia Aierbe nutrizioan aditua eta Ostatuko Manu Hernandez sukaldaria izan ziren protagonista nagusiak, herritarrekin batera.
Ez da Itsason bertako produktuen alde egiten duten lehen aldia, aurrez ere azokaren bat edo beste eginak zituztelako asmo horrekin, eta Itsasoko webgunean ekoizleen informazioa jarrita dutelako ere. Larunbatekoa urrats bat gehiago izan da, herriko produktuen eta enplegu sustapenerako egitasmo horren barruan. Bertako ekoizleen produktuak sustatzeaz gain, ekoizle berriei babesa eskaintzea da helburua, oraingo honetan Itsasoko mugak gaindituz eta inguruko herrietakoei ere parte hartzeko aukera emanez gainera.
Lau ekintza
Salmenta azokan era askotako produktuak izan ziren salgai: barazkiak, esnekiak, frutak, zeramikak, ogia, pastak, osagarriak… Itsaso bertako Urteaga-Urkulegi baserria, Pott Keramika, Isla Pitxiak eta Haristizabal baserriko okinak, Olaberriko Etxeberri Goikoko esnekiak eta Gabiriako Araiz osagarri eta pitxi egileak ziren partaideak.
Erosteko ez ezik, ikasteko aukera ere izan zen, Amaia Aierbek Elikaduratik ongizatera, bertatik bertarako elikagaietatik izenarekin emandako tailerrean.
Amaitzeko festa giroa jarri zuen gastronomiak, Ostatutako Manu sukaldariak, besteak beste herriko ilarrak erabiliz, prestatutako platerarekin.













