Berrerabili daitezkeen poltsen aldeko kanpaina Goierri garaian
Uggasa Urola Garaiko Garapenerako Agentziak, "Poltsarik? Ez, badut nirea" kanpaina jarri du martxan, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalekin batera.
Erabilera bakarreko poltsak saihesteko eta berrerabil daitezkeen poltsen aldeko sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Uggasa Urola Garaiko Garapenerako Agentziak, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalekin batera. Poltsarik? Ez, badut nirea kanpaina hiru herrietako fruta eta barazki saltokietan gauzatuko da, uztailaren 23ra arte.
Kanpainaren eragileek argi dute erabilera bakarreko poltsen ordez, poltsa berrerabilgarriak erabiltzea bultzatu behar dela. Hori lortzeko, bezeroen artean fruta eta barazkientzako poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte dendariek. Kanpainak irauten duen bitartean, hiru udalen bitartez eskuratutako 8.000 poltsa baino gehiago banatuko dituzte dendariek.
Produktu saskien zozketa
Keinu txiki hori ohitura bihurtzea da helburua, eta herritarren parte hartzea bultzatzeko eta «jardunbide ona» saritzeko, eskualdeko ekoizleen produktuz osatutako hiru saski zozkatuko dituzte. Zozketan parte hartzeko, fruta eta barazkiak solte erosi edo poltsa berrerabilgarriak erabiltzen dituztenean, kanpainan parte hartuko duten dendetan banatutako txartel batean zigilua jasoko dute; sei zigiluz osatutako txartela izango da zozketarako. Herri bakoitzeko saski bana zozkatuko dute.
17 partaide
Kanpainan 17 denda ari dira parte hartzen. Legazpin, Mari Carmen, Nafarroa kaleko eta Laubideko Sustrai fruta dendak, Eroski, Eroski City eta BM; Urretxun, Aixa, Cruz, Eroski eta BM; eta Zumarragan, Ametsa, Atlas, Josune janari denda, Alimentacion Sefe, Qaysar Jameel eta S. Martinez bi dendak.
Denda horietan kanpainaren berri jasoko dute herritarrek, bertan jarrita dauden kartelen bidez eta erosketak beste modu batean egiteko hausnarketarako informazio oharren bidez.
Kanpainak Uggasa eta udalen sare sozialetan ere izango du oihartzuna, aholku eta iradokizunak partekatuko baitituzte.