Ekain kulturala eta Musikale jaialdia ospatuko dituzte Ormaiztegin hil honetan
Gaur Maren abeslariaren kontzertu akustikoa izango da plazako karpan. Musikale jaialdiaren V. edizioa izango da. Hiru urtetik gorakoentzako zirko antzerki emanaldia antolatu dute biharko
Ekaina kultur ekitaldiz beteta dator Ormaiztegin. Atzo izan zen ekain kulturaleko lehenengo ekintza, adimen emozionalaren lehen hitzaldia, eta ekainaren 23ra arte hainbat proposamen prestatu ditu udalak herriko hainbat eragile eta talderen laguntzarekin. Jardueretan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, Ormaiztegiko Udaleko kultura sailera edo Zumalakarregi Museora idatzita. Musikale jaialdiko V. edizioa ere antolatu dute, ekain kulturaleko egitarauan txertatuta.
Bihar, osteguna, Maren abeslaiaren kontzertu akustikoa izango da plazako karpan, 19:30ean. Etzi, berriz, ostirala, Pon ta pa zirko antzerki ikuskizuna izango da leku berean, 17:00etan. Igandean gazteentzako mendi irteera egingo dute Kizkitzara, 09:00etan Muxika egurastokitik aterata, eta 16:00etatik 20:00etara bertako artista eta artisauen V. azoka izango da. Azokak iraun bitartean, rokodromoa eta tirolina jarriko dute gizarte etxeko belardian.
Kalean Josteko VI. Eguna ospatuko dute datorren asteartean, ekainak 8, eta photocalla jarriko dute egurastokian herritarrek argazkiak atera ditzaten, 18:30ean. 18:00etatik 19:30era adimen emozionalaren inguruko bigarren hitzaldia izango da, eskolako karramarro aretoan. Hurrengo egunean, ekainak 9, Martin Garcia historialariak Goierri mende bat lehenago hitzaldia eskainiko du, eta Zumalakarregi Museoak ere Exlibris tailerra antolatu du familientzat.
San Juan Sua, azkena
Yijaa kale antzerki familiarra ekainaren 10ean izango da, 11n Iruditik zinematografiara familia tailerra, eta hilaren 12an serigrafia tailerra gazteentzat. Eta hilaren 13tik 23ra arte ere beste hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango dute ormaiztegiarrek: tartean, mendi irteera Izazpira, Eztanda errekaren garbiketa auzolanean, Ilargi taldearen kontzertua edota Ormaiztegi Lorez sariketa. Ekainaren 23an izango da azken jarduera. Ohi bezala, San Juan suko dantzari eta musikariek ikuskizuna eskainiko dute. Ekain kulturaleko aurrekontua 9.500 eurokoa izan da aurten.