Hilekoaren pobreziaren aurkako bilketa "oso positiboa" izan dela nabarmendu du antolakuntzak
Hilekoaren higienerako produktu bilketa "oso ondo" joan dela adierazi dute ekimenaren bultzatzaileek, eta hilekoaren probreziarekin amaitzeko urratsak ematen segiko dutela.
Iragan ostiralean, maiatzak 28, Emakumeen Osasunaren Nazioarteko Ekintza Eguna eta Hilekoaren Higienerako Nazioarteko Eguna izan zen, eta aitzakia hori hartuta, hilekoaren pobreziaren aurkako ekimena egin zuten Goierrin, hilekoaren higienerako produktuen bilketa eginda. Divinas Gipuzkoako Emakume Nigeriarren Elkarteak eta Ordizia Kolorek sustatu zuten, besteak beste, eta bildutako materialaren kontaketa egin ostean eta herritarrengan piztu zuen interesa ikusita, balorazio “oso positiboa” egin dute. Hilekoaren pobreziarekin amaitzeko “egiteko asko” geratzen dela onartu badute ere, “urratsak ematen segiko” dutela ere jakinarazi dute.
Azkenik, “eskerrak” eman dizkiete kanpainan modu desberdinetan parte hartu duten guztiei: “Higienerako produktu desberdinak utzi zituzten guztiei, eta kanpaina aurrera eramatea posible egin duten guztiei ere, tartean Eroski, Eroski City eta Carrefour”.