Kulturak ere aterkia behar du
Urretxuar eta zumarragar talde batek Kultur Aterkia egitasmoa abian jarri du, kultur mugimendua biziberritzeko. Hasteko, ostiralean erakusketa irekiko dute. Ekitaldia Zelai Arizti parkean izango da, 19:00etan.
Ez dira garai gozoak kulturarentzat. Bizikidetza bultzatzen du eta gizaki burujabeak sortzen ditu eta, seguru aski horregatik, etsai asko ditu. Pandemiak kolpe latza eman dio, gainera. Zorionez, kultura babesteko prest dagoen jendea ere badago. Herriko kultur mugimenduaz kezkaturik dauden hainbat urretxuarrek eta zumarragarrek Kultur Aterkia izeneko proiektua sortu dute. Ostiralean emango diote hasiera, erakusketa batekin. 19:00etan izango da, Zelai Arizti parkean.
Herritar talde hau irailean hasi zen lanean, bizi den egoeragatik kezkatuta. «Herriko kultur mugimenduarekin modu batean edo bestean zerikusia izan dugun lagun talde bat elkartu gara, gaur egun bizi dugun egoerarekin kezkatuta. Pandemiaren eraginez, lehendik ere motelduta zegoen kultur mugimendua oso geldituta dagoela ondorioztatu dugu».
Osasun egoera dela eta, zuhurtziaz jokatu behar da. Baina horrek ezin du kultura ito. «Kontziente gara, osasun egoerak, guztiz baldintzatzen duela egungo egoera. Gu ere kezkatuta gaude eta ulertzen dugu jendearen ezinegona egoera orokorraren aurrean. Gure ustez ordea, horrek ez du esan nahi ezer egin ezin daitekeenik. Kultura ezinbestekoa da gure ustez, eta garai zail hauetan ere, oinarrizkoa da pertsonen arteko lotura eta elkarrizketa bultzatzeko. Kultura presente eta bizirik egon daiteke eta egon behar da, beti ere, osasun jarraibideak errespetatuz eta babes neurriak beteaz».
Hala, Kultur Aterkia proiektua martxan jartzea erabaki dute. «Herritar eta eragile moduan gai honetan dugun arduraz kontziente izanik, Kultur Aterkia izeneko proiektua eraikitzen hasi ginen hausnarketa sakon bat eginaz. Hausnarketa sakon horretatik ateratako helburu nagusia honako hau izan zen: Zumarragako eta Urretxuko kultur bizitza zaindu, landu eta aberastu nahi dugu, herritarrak eta kulturgileak saretuz. Kultura bizi dugun garaietarako txerto sozialik onena dela uste dugu».
Lehen ekitaldia kale erakusketa bat izango da. «Gauzak horrela proiektu honen hasierako ekimena prestatzen hasi ginen: kale erakusketa bat. Erakusketa honen helburua herritarren artean harridura sortu eta eztabaida bat bultzatzea da, herriko artistei leku bat eman eta bere lanak balioan jarriz».
Hausnarketa
Eztabaida eta hausnarketa bultzatu nahi dituzte. «Sakoneko asmoa, herritarren artean gogoeta edo eztabaida bat sortzea da kulturak gaur egun gure herrian eta orokorrean gizartean duen eta izan beharko lukeen espazioari buruz».
Kale erakusketa hau hainbat egunetan zehar izango da ikusgai herriko hainbat txoko ezberdinetan. Irekiera ekitaldia ostiralean izango da, 19:00etan, Zelai Arizti parkean. Eguraldi txarra eginez gero Zumarragako azokako arkupeetan izango da. Herritar guztiak Kultur Aterkia proiektuaren irekiera ekitaldira gonbidatu dituzte.
Erakusketa honetan Urretxuko eta Zumarragako hainbat artisten lanak jaso dituzte eta irekiera ekitaldiaren ondoren bi herrietan kokatuko diren artelanak bisitatuko dituzte sortzaileekin batera.