Odol emaileei aski merezia duten aitortza egin diete
Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak Goierriko 93 odol emaileri eskertza egin eta intsignia bana emango die. 25, 40, 50, 60, 75 eta 100 odol ematerekin jasoko dituzte
«Kalkulatzen da, lau biztanletik hiruk, odola beharko dutela beren bizitzako uneren batean. Ingurura begiratuz gero, gehienok dugu nozbait odola behar izan duen norbait». Sabin Urzelairen hitzak dira. Urzelai, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko lehendakaria da eta adierazpen horiek Gipuzkoako Hitzak jaso zituen iragan ostiralean, Gipuzkoako 496 odol emaleei eskertza eta intsignia banaketa egin bezperan. Goierrin, 93 pertsonek jasoko dute intsignia, ordezkaritza bakoitzak egingo dituen ekitaldietan. Goierrin eskertza jasoko duten odol emaileen artean 3.500 odol emate egin dituzte. Intsigniak, 25, 40, 50, 60, 75 eta 100 odol emate egindakoek jasotzen dituzte.
Beste urte batzuen aldean, ekitaldi xumeagoak eginda, baina hala izanda ere, pertsona horiek guztiak ondo merezia duten aitortza egin gabe ez du pasa nahi izan elkarteak. Momentuz, Ataunen, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan, Legorretan, Lazkaon eta Zegaman banatu dituzte dituzte intsigniak. Ordizian eta Beasainen, asteburuan egingo dituzte ekitaldiak. Ordizian 17 intsignia emango dituzte, ekainaren 5ean, Barrenan, 12:00etan. Beasainen 13 intsignia, ekainaren 5ean baita ere, udaletxean, 12:30ean.
Odol emailea, %3-4
Gipuzkoan 18.000 odol emaile daude, biztanleriaren %3-4 da hori. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak dioenez, «munduan ez daude batez besteko hori daukaten toki asko, baina, hala ere, gutxi da!». Momentu honetan ospitaleetan odol faltarik ez badago ere, beste behin ere, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartetik, odol emaile egitera animatu dituzte herritarrak.