«Argirik gabe gelditu ginen eta txinpartak piztu ziren. Sekulako sustoa hartu genuen»
Susto batean gelditu da. Asteleheneko ekaitzak gogor jo zuen, eta tximista bat lehertu zen Zumarragako erdigunean, Hiri Lorategian. Bi familiak sekulako sustoa hartu zuten, baina ez zen ezer larririk gertatu.
Astelehenean bero handia egin zuen eta iluntzean ekaitza lehertu zen. Euskal Herrian 1.300 tximista baino gehiago zenbatu zituen Euskalmet meteorologia agentziak. Horietako batek Zumarragako herrigunea jo zuen, bete-betean. Hiri Lorategi auzoaren goialdean jo zuen, hain zuzen ere. GI-2632 errepidearen ondoan dauden 18 eta 17 zenbakidun etxeen artean, linea elektrikoan. Bi familiek sekulako sustoa hartu zuten, baina ez zen ezer larririk gertatu. Hori bai, hainbat etxetresna elektriko hondatu zizkien.
Asier Lertxundi Hiri Lorategiko 17an bizi da. «Tximistak bi etxeen arteko linea elektrikoan jo zuen. Argirik gabe gelditu ginen eta txinpartak piztu ziren. Sekulako sustoa hartu genuen, baina hiru bat segundotako kontua besterik ez zen izan. Etxetresna elektriko batzuk hondatu dizkigu».
Urretxuko eta Zumarragako bizilagun batzuk tximistak Hiri Lorategian jo zuen unea grabatu zuten eta bideoak berehala zabaldu ziren. Irudiak ikusita, jende askok gertaera larria jazo zela pentsatu zuen. «Nolako zartakoa jo zuen ikusita, ezer gutxi gertatu da. Etxeko denok salto egin genuen, baina horren denbora gutxi iraun zuenez, beldurtzeko astirik ere ez zigun eman. Konturatu ginenerako pasa egin zen».
Zumarragako alkatea bera ere harrituta ageri da. «Bideoa ikusita, sekulakoa gertatu dela dirudi. Zorionez, ezer gutxi gertatu da. Udaletxera ez du inork deitu eta suhiltzaileek eta SOS Deiak-ek ere ez dute deirik jaso eta hori lasaigarria izan da», azaldu zuen atzo goizean.
Duela urte batzuk beste tximista batek ere Hiri Lorategian jo zuen eta etxe bateko sistema elektrikoa hondatu zuen.