Irudi berria aurkeztuz ospatuko du Haztegik aurten Ikastola Eguna
Bihar aurkeztuko dute logo berria, ekitaldi xume batekin .Kamisetak, poltsak eta motxilak kaleratu eta azokan salduko dituzte .Hurrengo ikasturtea webgunea estreinatuz hasiko dute
COVID-19ak oraindik ospakizun eta jai handietarako aukerarik ez duela uzten-eta, aurten Ikastola Eguna era xumean ospatuko dute Haztegin. Biharko eguna dute izendatuta horretarako, ekainaren 4a, eta Haztegi ikastolaren irudi berriaren aurkezpenak ordezkatuko du ikasturte amaiera ospatzeko ohiko festa.
Arratsaldeko 17:00etan hasiko den ekitaldia izango da Ikastola Egun berezi honen ardatza. Ordu horretatik aurrera eta 20:00ak arte, hainbat ekintza izango dira logo berriaren aurkezpenarekin batera: Sagrario Etxabe zuzendariaren eta gurasoen hizketalditxoa berrikuntza honen guztiaren nondik norakoa azaltzeko, ikastolako fatxadan jarriko duten binilozko logoa desestaltzea, aurreskua, dantzariak, gorputz perkusioa… eta ikastolako material berriaren salmenta. Hori guztia, ikastolako idazkaritzaren aurrealdean egingo da, baina eguraldi txarra eginez gero, areto nagusian.
Logoa eta webgunea
Haztegi ikastolaren logotipoa edo irudi berria webgunea eguneratzeko premiatik sortutakoa da. Hasierako helburua web orriaren berrikuntza osoa izan zen, ikusita ez zegoela gaurko eskakizunen pare itxura aldetik ezta informazio aldetik ere. Lan horrekin aurreko urtean hasi ziren, Ordiziako Tandem Komunikazio Taldearen laguntzarekin. Emaitza hurrengo ikasturtearen hasieran ezagutu ahal izango da, irailean.
Webgunea berritzeko prozesu horretan, Haztegiren irudia eguneratzeko premia ere sortu zen, eta horretan ere Tandem taldearen babesa izan dute. Lehengo logotipoa oinarri hartuta, berritu eta egokitu egin dute egungo diseinu kontzeptuetara. Hala, Legazpiren L hizkia mantendu dute, baita pertsona baten profila ere, aurrera begira mugimenduan dagoena.
Material salmenta
Logotipo berriarekin material berria ere kaleratu du Haztegi Ikastolak, eta biharko arratsaldeko ekitaldi horretan bertan erosi ahal izango da. Kamisetak, motxilak eta ‘tote bag’ edo oihalezko poltsak dira.
Hurrengo ostiraletan azokan jarriko duten postuan izango da material hori salgai, ekainaren 12an eta 19an, hain zuzen ere, 11:00etatik 14:00ak bitartean.