Haur eta gazteei zuzenduta, udako eskaintza Kiroldegian
Ekainaren 28tik uztailaren 30era arte luzatuko da. Tenisa, padela, txiki zumba, patinaketa, multikirola eta igeriketa daude aukeran. Izena emateko epea, 20ra arte
Eskolan ikasturtea amaitzear den garaian, Legazpiko Bikuña kiroldegiak prest du dagoenekohaurren eta gazteen udako oporrei begira prestatu duen eskaintza. Iñigo Imaz kirol zinegotziak aurkeztu zuen atzo kiroldegian bertan Uda 2021 kirol eta aisialdi kanpaina.
Tenisa, padela, txiki zumba, patinaketa, natur inguruko kirol jarduerak eta igeriketa dira aurtengo eskaintzak. 8 eta 14 urte bitarteko haurrei eta gazteei zuzenduta daude, baina igeriketa 3 eta 6 urte bitartekoentzat bakarrik izango da.
Txandak bi astekoak izango dira. Ekainaren 28tik uztailaren 9ra artekoa izango da lehena, eta uztailaren 12tik 23ra bigarrena.
Oraindik COVID-19a kontuan hartu behar denez, taldeak txikiak izango dira, eta partaide guztien segurtasuna bermatuta egongo da. Hala, padelaren eta tenisaren kasuetan zortzi lagunekoak izango dira taldeak gehienez, eta txiki zumban, patinaketan eta natur inguruneko jardueretan, gutxienez zortzi lagun izango dira.
Igeriketa ikastaroak
Igeriketa eskaintza, berriz, 3 eta 6 urte bitarteko haurrentzat da, eta sei txandatan banatuko da, uztailaren 1etik 30era bitartean, beti goizez. Txanda bakoitzean gehienez sei haur sartuko dira, hau da, guztira 72 haurrentzako tokia izango da. Izena ematerakoan aukeran dauden txandetatik hiru hautatu beharko dira, eta zozketa bidez esleituko dira plazak.
Igeriketa ikastaroetarako kiroldegiko bi igerilekuak erabiliko dituzte.
Izen-ematea, 20ra arte
Izena emateko epea irekita dago hilaren 20ra arte. Kiroldegira bertara joan daiteke, baina Internet bidez egitea gomendatu dute (legazpi.eus webguneko Kirol ataria atalean sartuta).
Bi prezio mota daude, abonatuentzat eta abonatuak ez direnenetzat, eta lehenengoek izango dute lehentasuna.