Udako eguzkiaren zain
Bikuña kiroldegiko igerilekuetako solariuma ekainaren 15ean irekiko dute. Iaz bezala, 80 lagunentzako tokia izango da, eta txandak antolatuko dituzte. Abonatuek lehentasuna izango dute
Bikuña kiroldegiko igerilekuetako solariuma irekitzeko, berdegunea zatitan banatzea eta markatzea besterik ez dela falta azaldu zuen atzo Iñigo Imaz kirol zinegotziak. Ekainaren 15a, hurrengo asteartea izango da udako denboraldiari hasiera emango dion eguna. «Ea eguraldi ona egiten duen!», zioen Imazek.
Iaz bezala, solariuma 80 zatitan banatuta egongo da, eta kopuru berekoa izango da, beraz, edukiera. Txanda sistema erabiliko da berriz ere funtzionamendua errazteko. Bost txanda izango dira guztira, lehena izan ezik, bi orduko iraupenekoak: 09:00etatik 10:30era, 11:00etatik 13:00etara, 13:30etik 15:30era, 16:00etatik 18:00etara eta 18:30etik 20:30era. Txanda batetik bestera ordu erdiko tartea gordeko da, sarrera-irteeran jende pilaketak saihesteko.
Erreserba , derrigorrezkoa
Solariuma erabili ahal izateko, txanda erreserbatzea ezinbestekoa izango da, eta horretarako Legazpiko Udalaren webgunea erabili beharko da (www.legazpi.eus/kirol-ataria). Kiroldegiko abonatuek bakarrik erabili ahal izango dute igerilekuetako zelaia. Alde horretatik, Imaz zinegotziak gogoratu zuen hilabete bakarrerako eta hiru hilabeterako abonuak egiteko aukera ere badutela herritarrek.
Igerilekuei dagokienez, handia zein txikia irekita egongo dira, baina txikia bakarrik erabili ahal izango da solariumeko erabiltzaileen aisialdiko bainurako. Handia, igeri egiteko bakarrik egongo da irekita goizez, baina bi kale bainurako egokituko dira 13:30etik 15:30era, tarte horretan igerileku txikia itxita egongo delako. Bietan edukiera mugatuta egongo da
Aldageletan ere mugatu egingo da edukiera, baina ez erabiltzeko gomendioa egin dute. Aldageletako dutxen erabilera, berriz, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak esandakoaren menpe dago. LABIren hurrengo neurriek ere aldaketak ekarri ditzakete igerilekuen funtzionamenduan.