Hobekuntza lanak egin dituzte Telleriarteko plazan eta haur parkean
Parkearen egoera txarrarekin arduratuta zeuden bizilagunak. Lanen aurrekontua 21.380 eurokoa izan da.
Hobekuntza lanak egin ditu azken asteotan udalak Telleriarte auzoko plazan eta haur parkean, 21.380 euroko kostuarekin. Auzotarren eskaerari erantzun dio horrela. Izan ere, Telleriarteko bizilagunak arduratuta zeuden haur parkearen egoera txarrarekin, eta plaza ondotik igarotzen den Udanako errekak gainezka egiten duenean sortzen den egoera kezkagarriarekin. Sareek ez zuten ur guztia xurgatzen, eta ondorioz, batzuetan ura sartzen zen etxebizitzetan.
Udalak auzotarren eskariak aintzat hartu zituen, eta Telleriarteko haur-parkea eta plaza azkenekoz 2001ean berritu zirela kontuan hartuz, gunea eraberritzeko proposamen bat aurkeztu zien bizilagunei, eta proposamen hori onartu egin zuten.
Egindako lanak
Hala, haur parkea berritu eta plazaren erdialdean zegoen sarbidea aldatu dute, eta haur parketik garbitegira sartzeko gune bat egokitu dute. Gainera, hiri altzariak berritu eta berrantolatu, eserlekuak lekuz aldatu eta paperontziak jolasgunera hurbildu dituzte. Bestalde, lehengoaren ordez, pago hesia landatu dute, tanta jario bidezko ureztatze sistema eta programatzailea duena. Horrez gain, bi gereziondo japoniar ere landatu dituzte. Azkenik, farolak berritu dituzte,eta kontsumo txikiko led lanparak dituztenak instalatu.
Telleriarteko plaza hobetzeko lan horiek 21.380 euroko kostua izan dute. Kostu horren barruan, Antio enpresak egin duen obra zibila 4.987,62 eurokoa izan da; haurrentzako jolasak eta zola Manufacturas Deportivas enpresak jarri ditu, 11.908,03 euroren truke; farolen lanak eta lorezaintzakoak udal brigadak egin ditu 3.755,66 euroko eta 642,49 euroko kostuarekin, hurrenez hurren.