Xabi Zurutuza, Montmelon jokatuko den Europako txapelketaren hirugarren probarako prest
Entrenamenduak hasi ditu dagoeneko, eta irteerarako postu ona lortu du. Moto pilotu legazpiarra hirugarren doa Europa mailako txapelketaren sailkapen nagusian.
Xabi Zurutuza moto pilotu legazpiarrak hasi ditu entrenamenduak Bartzelonako Montmelo zirkuituan, asteburuan jokatuko den Hawkers European Talent Cup txapelketako hirugarren probarako.
Apirilean jokatu zen Estorilen (Portugal) txapelketaren lehen txanpa, eta bigarrena maiatzean, Valentzian. Azken zirkuitu honetan hirugarren eta laugarren egin zuen bi lasterketetan, hurrenez hurren. Sailkapen orokorrean hirugarren postuan dago Zurutuza, bere taldekide diren Adrian Cruces eta Hugo Millanen atzetik.
Cuna de Campeones taldearen babesean lehiatzen da 15 urte besterik ez dituen pilotu legazpiarra. Eropako txapelketa honetan ahalik eta sailkapen onenak lortzea da bere helburua, junior mailako mundialera joateko. Horren ondoren, Moto GP edo moto lasterketetako kategoria gorena da helmuga.