Aisialdiko begirale titulua eskuratzeko aukera Legazpiko Udalarekin
Urritik hurrengo urteko maiatzaren bitartean garatuko da ikastaroa, larunbatetan. Teoria eta praktika uztartuko ditu. Udalak antolatzen duen hamargarren begirale ikastaroa da
Aisialdi begiraleen ikastaroa antolatu du beste behin Legazpiko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuak, eta hilaren 18ra arte dago zabalik izena emateko epea. Ikastaroa Legazpin bertan burutuko da, euskaraz, Urtxintxa eskolak gidatuta. Amaieran, Eusko Jaurlaritzaren Haurren eta Gazteen Aisialdiko Jardueren begirale titulua eskuratuko dute partaideek.
Ikastaroan 18 urte dituzten edo 2022an 18 urte betetzen dituzten legazpiarrek parte hartu ahal izango dute. Gutxienez 20 laguneko taldea osatu beharko da, eta gehienez 25koa. Legazpiarrekin ez bada taldea osatzen, beste udalerri batzuetako pertsonak ere hartu ahal izango dira, plazak bete arte.
Aurtengo urritik datorren urteko maiatzera bitartean egingo da ikastaroa, larunbatetan, Kultur Etxean. 18 larunbat izango dira guztira, eta horiez gain, beste bost egun izango dira Gabonetan, eta otsaileko asteburu bat ere bai Pasaiako aterpetxe batean. Teoria eta praktika uztartuko ditu ikastaroak: 150 ordu teoriko izango dira, nahitaez egin beharrekoak, eta 160 orduko praktikaldia. Praktikak egin ahal izateko 18 urte beteta izan beharko dira, eta amaieran, memoria bat aurkeztu beharko da.
Matrikularen prezioa 450 eurokoa da, eta prezio horren barruan ez dira sartzen aterpetxera joateko gastuak. Ordainketa bi epetan egin ahal izango da. Izena emateko epea ostiralean amaitzen da, 13:00etan. Legazpiko Udalaren webgunean eman behar da izena, legazpi.eus. Taldea osatzen bada, ondoren matrikulatzeko epea irekiko da.
Legazpi, aisialdia
Legazpiko Udalak ibilbide luzea du aisialdia bultzatzeko ekimenetan, eta dagoeneko aisialdiko begirale titulua eskuratzeko bederatzi ikastaro antolatu ditu. Horietako sei Legazpin bertan burutu dira, eta beste hiru herritik kanpo, Zumarragako, Urretxuko eta Beasaingo udalekin lankidetzan. Guztira 145 legazpiar gaztek hartu dute parte ikastaro horietan.
Ikastaroez gain, bederatzi urte horietan zehar Legazpiko Udalak laguntza ekonomikoa eman die udalerritik kanpo prestakuntza egin duten herriko 17 gazteri, matrikularen prezioaren erdia diruz lagunduz, zehazki 15 laguni begirale ikastaroa egiteko eta beste biri zuzendari ikastaroa.