Legazpi Hiria lehiaketako argazkien erakusketa ikusgai hilaren amaierara arte
Estatu mailako lehiaketara argazki 223 aurkeztu dira; saritutako lanak eta aukeratutako beste batzuk ikusgai jarri ditu Ikatza elkarteak kultur etxean.
Legazpiko Ikatza argarzkilari elkarteak antolatutako Legazpi Hiria lehiaketaren 22. edizioko lan irabazleak ikusgai daude Kultur Etxean hilaren 30era arte. Saritutako lanekin batera, lehiaketara aurkeztu diren 223 lanetatik egindako aukeraketa bat ere ikus daiteke erakusketan, 50 argazki guztira.
Ikatzak aurreko ostiralean egin zuen sari banaketa ekitaldia, baina saritutako guztiek ezin izan zuten joan. Ikatzako ordezkariez gain, udaleko Iñigo Imaz eta Maite Lonbide zinegotziek arduratu ziren sariak banatzeaz.
Libre ataleko irabazlea Diego Pedra izan da, Vecinos lanarekin, eta bigarrena, Santi Viladrich (Tendresa); biak Bartzelonakoak dira. Hirugarrena Cuencakoa da, Jose Ramon Luna de la Ossa, (Biosphere). Herri mailako saria Carlos Mediavillak jasoko du (Danza sobre el hielo). Mediavilla Argizaiola trofeoan parte hartzeko sailkatu da, Beasaingo Manu Barreiro (Faded) eta Gasteizko Oscar Manso (Sirenas) bezala.
Libre baldintzatua atalean, Donostiako Jose Angel Amutxastegi izan da irabazlea (Bruma), Bermeoko Iker Pardo (Mouro) bigarrena, eta Urretxuko Pablo Perez (Surfista) hirugarrena. Herri mailako saria Legazpiko Santiago Fernandez de Quincocesek irabazi du (Bidea). Lehen hirurak, gainera, Argizaiola trofeoan parte hartzeko ere sailkatu dira.