Legazpiko ganaduzaleak haragiaren komertzializazioaz solasean
Lekanazpi elkarteak antolatutako solasaldian, herriko hiru baserritarrek euren lanez eta kezkez hitz egin zuten. Ondoren, euren etxeetan hazitako txahalen haragia eman zuten dastatzera.
Legazpiko haragiari kosk! izenburupean Lekanazpi elkarteak antolatutako solasaldian eta haragi dastaketan 70 lagunetik gora elkartu ziren atzo arratsalde-iluntzean Azokaren babesean.
Hegialde auzoko Urtatza baserriko Mikel Mantxola eta Lakiola baserriko Ander Ibarguren eta Brinkola auzoko Zubiaurre baserriko Iñigo Gorospe izan ziren solasaldiko protagonistak, eta Sara Lanz kazetari gazteak egindako galderei erantzunez, euren eguneroko jardunean eta txahalen hazkuntza lanetan dituzten kezkei eta gorabeherei buruz jardun zuten. Etxean hazten dituzten txahal horien haragia komertzializatzeko azken hilabeteetan hasi duten bide berriaz hitz egin zuten batez ere. Izan ere, hiruak haragia kontsumitzaileari zuzenean saltzen hasiak dira.
Haragia dastatzeko aukera izan zen amaieran, parrilan Eloi Iartza sukaldariak erretako txistorra eta hanburgesak (Lakiolakoak), txuletak eta saiheskia hain zuzen, guztia Goierriko sagardoaz lagunduta.