Kalitate handia aire libreko pintura lehiaketan
Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatutako aire libreko pintura lehiaketan 19 lagunek parte hartu dute. Sari nagusia Juan Jose Altuna bergararrak jaso du.
Juan Jose Altuna bergararrak irabazi du Urretxuko eta Zumarragako udalek antolatutako aire libreko pintura lehiaketaren 12. edizioa. Lehiaketa larunbat goizan egin zuten, bi herrietako kaleetan, 19 margolariren partaidetzarekin.
Bergarako Altunak 600 euroko saria eta garaikurra jaso zituen. Bigarren sari bat ere banatu zuten, eta Elgoibarko Ibon Serranorentzat izan zen, 400 eurokoa. Azkenik, herriko lan onenaren egileak, Begoña Pascualek, 250 euroko saria jaso zuen.
Lanen kalitatea
Aire libreko pintura lehiaketa honen epaimahaia Luis Candaudapek, Ana Esther Fernandezek eta Aitor Etxeberriak osatu zuten. Hiruek bat egin zuten aztertu zituzten lanen kalitatea goraipatzean eta irabazleak aukeratzeko orduan izandako zailtasuna aipatu zuten.
Sari banaketa ekitaldia Urretxuko kultur etxeko sarreran egin zuten, Maialen Fidalgo zinegotzia urretxuarraren eta Rosa Maiza zinegotzi zumarragarraren partaidetzarekin.
Aipatu behar da lehiaketan parte hartutako Elena Galilega donostiarrak bere lana bi udalei oparitu ziela. Koadroak Irimo mendia irudikatzen zuen, eta «hemen baino hobeto ez da beste inon egongo» pentsatu omen zuen margolariak. Bi udalek eskerrak luzatu zioten opariarengatik.