Mantzisidor eta Kortazar dira Zaldibiako mendi karreran garaile
Hezetasun eta bero handiekin, ezin izan dituzte markak ondu. Lehen goierritarra Aitor Zuntzunegi da, 4. postuan. 203 korrikalari sailkatu dira proba gogorrean

Nota onarekin gainditu du Zaldibiako Mendi Lasterketak pandemia garaiko trantsizio-lasterketa. Larunbat goizean, aurretik kezka eragin zuen ekaitzik gabe, baina hezetasun eta bero handiarekin jokatu zen 27 kilometroko mendi lasterketa, Goierrin urteko lehenbizikoa.
Lasterketa Igon Mantzisidor debar beteranoak irabazi du (2:36:14). Triatloian ibilia, 15 urte baino gehiago darama korrika probetan. Gartzen Elejabarrietarekin lehia estua izan zuen, baina 2019ko proba motzaren irabazleak giharreetan arazoak jasan zituen azkenerako, eta atzeratu egin zen. Bigarren postuan, gainera, Carlos Antonio Jimenez tartekatu zen (2:36:41), irteera mailakatuan atzerago abiatu arren, denbora bikaina eginda. Elejabarrieta hirugarren geratu da (2:37:16).
Oihana Kortazar nesketan
Tolosako T3T irabaztetik zetorren Oihana Kortazar mutrikuarrak parekorik ez du izan emakumezkoen txapela janzteko (2:46:31). Ainhoa Sanzen 2019ko errekorra haustetik 24 segundora gelditu da. Tolosako indar xahuketa nabaritu du.
Lasterketa bukatu duten 203 korrikalarietatik hamar bakarrik dira emakumezkoak. Oihana Azkorbebeitia (2:53:53) eta Onditz Iturbe (2:59:51) bizkaitarrak atzerago iritsi dira.
Goierritarrei dagokienez, ondoen Aitor Zuntzunegi legorretarra sailkatu da, laugarren postuan (2:38:31). Mikel Zabalegi (2:49:44) eta Jon Rodriguez (2:55:52) ordiziarrak ere lehen hogeitan sailkatu dira. Nesketan, lehen goierritarra Aiara Garaialde segurarra izan da. Zaldibiar azkarrenak, berriz, Julen Dorronsoro (33. tokian) eta Janire Lopez (135.ean).
Arrautzen erronka
Euskaber etxearen eskutik, opari bitxia bezain estimatua banatu dute mendi lasterketan. Zaldibiako kaletik Gaztelu puntara eskuan oilo-arrautza hautsi gabe eraman duten lehenbizikoei urte guztirako arrautza emango diete. Zuntzunegi legorretarrak eta Kortazar nesken irabazleak berak lortu dute.
Eragozpenak gaindituta, eta proba luzea bakarrik egin bada ere, bidean da berriro Zaldibia.