Legazpiko Korosti, dantzarako gogoz
Dantzariek bi emanaldi egingo dituzte larunbat arratsaldean, Haztegiko patioan. Iazko martxotik ez dute publiko aurrean dantzarik egin. Jaialdi alaiak izango dira biak
Korosti dantza taldea prest dago larunbaterako. Iazko martxotik publikoaren aurrean dantzatu gabe izan eta gero, bi emanaldi egingo ditu etzi, 17:30ean eta 19:00etan, ikastolako patioan (Urbeltz pilotalekuan, eguraldi txarrarekin). Sarrerak aurrez hartu behar dira Kultur Etxean.
Bi emanaldiak berdinak izango dira, baina 5-6 urteko haurrek lehen saioan bakarrik dantzatuko dute. Ordu batekoa izango da bakoitza, eta Diatonic, Konplize, Porrusalda, Ardoaren dantza, Zirrara eta beste dantza asko ikusteko aukera izango da.
«Dantza alaiak aukeratu ditugu, talderako motibagarrienak direnak, hori baitzen helburua», azaldu du Korostiko Amaia Aizpuruak. Izan ere, hainbeste denboraz dantzatu gabe izan eta gero, «gehiago pentsatu dugu dantzariengan ikusleengan baino». Hala ere, ikusleentzako «oso jaialdi alaia» izango dela iragarri du, «pandemiaren tristura guzti hori alde batera utzi nahi baitugu».
Martxotik publikoan dantza egin gabe
Pandemia hasi zenean dena geratu behar izan zutela gogoratu du Aizpuruak, entsaioak eta dantzari txikia, helduen taldeko irteerak eta beste ekitaldiak. «Konfinaturik geundela, pare bat bideo prestatu genituen, dantzari txikia ospatu behar zen apirilaren 26rako eta dantzaren egunerako». Bideo bidez entsaioak egitea ere pentsatu zuten, baina azkenik ez zuten egin.
Entsaioak ekain bukaeran hasi zituzten lokalean, helduenak bakarrik, Agorreko Santikutzetan emanaldi bat eskaintzeko asmoz. Baina irailean ezinezkoa izan zen, eta urrira arte ez zuten jarduera berreskuratu, orduan talde guztiak martxan jarrita, eta Gabonetako jaialdia jomugan ipinita. Aste gutxietara berriz ere eten behar izan zuten guztia, eta «pena handiz, Gabonetako jaialdia ezingo genuela egin konturatu ginen».
Azkenean martxoan jarri zituzten berriz ere martxan entsaioak, «gure gorabeherekin, noizbehinka taldekoren bat edo batzuk konfinaturik, baina tira, dantza ikastaroa mantentzea lortu dugu!».
Aizpuruak aitortu du taldeak «aktibitate falta sumatu duela», batez ere haurrek, eta hori izan da, «beste gauzen artean, larunbateko emanaldia martxan jartzearen arrazoietako bat».