Lekanazpik ez du Legazpiko Udalaren baimenik lortu uztailaren 14ko saio akustikoa plazan egiteko
Udalak Azokan egiteko proposatu dio, baina elkarteak ez du onartu. Herriko bost musika taldek emango duten kontzerturako terraza baten modura antolatu nahi du ikusleen gunea, inguruko tabernarien laguntzarekin
Lekanazpi elkarteko kultura batzordeak udalaren ezezkoa jaso du uztailaren 14an kontzertu akustiko bat egiteko Euskal Herria plazan terraza handi bat muntatzeko. Alkatearen dekretu bidezko debekuak dioenez, «Bide publikoa eta bertako gune desberdinak udalak antolatutako ekitaldietarako edo udalak antolaketan laguntzen duen ekitaldietarako gorde behar dira». Hori ez da Lekanazpiren kontzertuaren kasua, eta plaza erabili beharrez, Azoka erabiltzeko aukera eskaini dio elkarteari.
Lekanazpi ez dago ados erabakiarekin, eta datozen egunetan alkatearekin biltzeko hitzordua eskatuko duela adierazi du, «eta alkatearen jarrera aldatu ezean, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztuko dugu».Erabakia ez onartzeko arrazoiak hauek dira: Azokan 120 ikusle bakarrik sartzen dira; uztailaren 14an ez dago beste ekitaldirik plazan; eta Azokak ez ditu soinu baldintza egokiak.
Uztailaren 14ko akustikoan herriko bost musika taldek joko dute, arte adierazpen desberdinak tartekatuz. Lekanazpiren asmoa da terraza erraldoi baten modura antolatzea ikusleen gunea, Azokatik gertu, plazan. Terraza horretan inguruko Oilarra, Katilu, Urbeltz, Xarpot eta Hogei tabernek lan egingo lukete.