Uztailean kultura eta aisia kalean Legazpin, Uztakale egitarauari esker
Uztailaren 1etik 2rra artean era askotako ekitaldiak izango dira. Musika, dantza, antzerkia, ikus-entzunezkoak eta haurrentzako jolasak dira osagai nagusiak. Emanaldi guztiak doan izango dira, baina aurrez sarrera eskuratu beharko da.
Uztaileko kultur egitaraua kalean gauzatu ohi izan da Legazpin azken urteetan, eta are gehiago aurten, koronabirusak oraindik osasun neurriak eskatzen dituenean. Horiek kontuan hartuta, eta kultur jarduerarako gune egokiak prestatuta, uztailaren 1ean bertan abiatuko da 2021eko Uztakale, eta uztailaren 24ra arte era askotako ekitaldiz gozatzeko aukera eskainiko du.
Uztakale udalak antolatzen du, eta «aurtengoan ere egitarau oparoa» izango dela aurreratu du. Ekitaldi multzo horrekin, herritarrei uztailean ere kulturaz gozatzeko aukera eman nahi die, «Euskal Herrian eta Legazpin sortzen den kaleko uzta proposatuz». Kaleko uzta hori anitza eta ugaria da aurten: ikus-entzunezko emanaldiak, era askotako musika, kale ikuskizunak eta haurrentzako ekintzak. Antzerkiak leku nabarmena hartu du egitarauan, hiru emanaldirekin. Eusko Jaurlaritzaren Kale Antzerkia Bultzatuz programaren laguntza izan du udalak horretarako, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren kultura sailarena ere.
Sarrerak, kultur etxean
Uztakalen jasotako ekitaldiak espazio finkoetan egingo dira aurten, edukiera mugatua zaindu ahal izateko. Haztegi ikastolako patioa, Agirre-Etxeberri parkea, Euskal Herria plaza eta Azoka dira aukeratutako gune horiek, eta Azoka eguraldi txarra egiten duenetan ere erabiliko da, baita Urbeltz pilotalekua ere.
Emanaldi guztiak doan izango dira, baina aldez aurretik lekua gorde beharko da. Sarrerak asterik aste banatuko dituzte, astelehenetik aurrera, Kultur Etxeko harreran 09:00etatik 14:00etara, edo telefonoz 943 73 72 02an. Sarrerarik ez duenak ere egunean bertan ikuskizunera gerturatu eta han lortu ahal izango du.