Zapla bertsolari gazteen zirkuitua gaur Legazpin
Uxue Alkortak, Maddi Aiestaranek, Julene Iturbek eta Ane Labakak bertso saio musikatua egingo dute 19:00etan Agirre-Etxeberri parkean, Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikarien laguntzarekin.
Zapla bertsolari gazteen zirkuituak geldialdia egingo du gaur arratsaldean Legazpin. Zirkuituko bosgarren saio hau 19:00etan hasiko da, Agirre-Etxeberri parkean. Sarrerak eskuratzeko, www.bertsozale.eus/eu/gipuzkoa/zapla-legazpi webgunera jo behar da.
Legazpikoa bertso saio musikatua izango da, eta bertan Uxue Alkorta, Maddi Aiestaran, Julene Iturbe eta Ane Labaka arituko dira bertsotan, eta Aizpea Garmendia izango da gai jartzailea. Musikaren atalaz, berriz, Gari Otamendi eta Ixak Arruti arduratuko dira.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatu du Zapla bertsolari gazteen zirkuitua, tokian tokiko bertso eskolekin eta bertsolari gazteekin elkarlanean. Maiatzaren 29an hasi zen, eta seigarren saioarekin, uztailaren 2an amaituko da. Legazpira iritsi aurretik, Eskoriatzan, Azkoitian, Hernanin eta Zarautzen izan da, eta hurrengo astean Beasainen izango du amaiera.
Legazpin, Bertso-olariak bertso eskolaren laguntza jaso du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak saioaren antolaketarako. Gainera, Ane Beloki eta Nerea Elustondo legazpiarrak ari dira zirkuituan parte hartzen. Beloki Hernaniko eta Zarauzko saioetan izan zen, eta Elustondok Beasaingo saioan abestuko du hurrengo asteko ostiralean.