Harrotasunaren egunean, harrotzekoak eta lotsatzekoak
LGTBI+ Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna da gaur. Aldarrikapen eguna askorentzat. Lazkaon elkarretaratzea deitu dute iluntzerako. Adierazpen instituzionalak ere onartu dituzte. Idiazabalen, pintaketak agertu dira.
Zumarragako udaletxea, harrotasun eguneko koloreekin argiztatuta. Ekainaren 28a da gaur, LGTBI+ Pertsonen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna. Ohiko adierazpen instituzionalez haratago, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte Goierrin. Aldarrikapen eta harrotasun mezuez gain, lotsarazteko modukoak ere badira, ordea. Idiazabalen, esaterako mugimenduaren aurkako pintaketak agertu dira.
Pintaketak Idiazabalen
Idiazabalgo Udalak sare sozialetan salatu duenez, LGTBI+ mugimenduaren aurkako pintaketak agertu dira, plazan jarrita dagoen karpan. “Berdintasunaren eta aniztasunaren aurkako jarrera hauek ez dute lekurik gure herrian” esanez salatu dute, eta arratsalderako antolatu dituzten ekintzetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Izal Bai alderdiak ere, ekintza “lotsagarria eta onartezina” dela dio, eta “aniztasunean, errespetuan eta askatasunean” bizitzeko eskubidea aldarrikatu du.















