Xabier Berasategi olaberritarrak lortu du Gipuzkoako txapela
Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatutako San Joan txirrindularitza saria nagusian garaile izan da Laboral Kutxa taldeko ziklista. 185 bat txirrindularik parte hartu dute
Xabier Berasategi Laboral Kutxa taldeko olaberriarrak irabazi du Segurako Txirrindulari Elkarteak antolatutako Segurako San Joan sari nagusia, larunbatean. Gipuzkoako txapela ere jokatu da elite eta 23 azpikoetan, eta hori ere olaberritarrarentzat izan da. Bakarrik ailegatu da helmugara, 27 segunduko tartearekin, 3 ordu bi minutu eta 51 segundoko karrera egin ondoren. Bigarren postua Marc Brustenga Caja Ruraleko txirrindulariak lortu du, eta hirugarren izan da Caja Ruraleko Pau Llaneras.
«Karrera nahiko irekia izaten da Segurakoa, eraso pilo bat egoten dira eta azkenean ihes egitea lortu nuen», azaldu du Berasategik. Lierni eta Zerain arteko zatia izan da erabakiorra lasterketan, eta bertan lortu du olaberritarrak 30 segunduko tartea ondoren bakarrik helmugaratzeko. Gipuzkoako txapelarekin baino, egindako lasterketarekin agertu da gustora: «Azkenean leku ezberdinetako txirrindulariak izaten dira bertan». 185 txirrindularik eta 30 bat taldek hartu dute parte San Joan sarian.
Lehen gipuzkoarrak
Gipuzkoako bigarren eta hirugarren sailkatuak ere Laboral Kutxa taldekoak izan dira 23 urtez azpikoetan: bigarren gipuzkoarra Unai Iribar izan da, eta Enekoitz Azparren hirugarrena. Elite mailan, berriz, Mikel Mujikak lortu du Gipuzkoako txapela. Bigarren postua Oier Ibargurenentzat izan da, eta Ander Amonarrizek osatu du podiuma.
Mendiko sailkapen orokorrari dagokionez, Lizarte taldeko Pablo Castrillo izan da garaile, eta Laboral Kutxak irabazi du taldeko saria, 9 ordu 9 minutu eta 27 segunduko denborarekin. Euskal Torneorako baliagarria den bigarren lasterketa izan da Segurakoa. Hurrengoa Murgian izango da, uztailaren 3an, eta txapelketa Altsasun amaituko da ondo bidean irailaren 12an.