«Ikerketan urrats gehiago ematea da asmoa, farmako berriren bat lortu arte»
Jon de la Cuesta Barrutiak (Beasain, 1995) garuneko hartzaileek neurotransmisoreak nola xurgatzen dituzten ikertu du. Emaitzak Ikergazte kongresuan aurkeztu ditu.
Zer da aurkeztu duzuna?
Nire tesiaren lehenengo zatia da, gutxi gorabehera. Zati honetan eskizofrenia duten pazienteen hartzaile konkretu batzuk desberdinak diren ikertu dut, gaixotasun psikiatrikorik ez dutenekin alderatuta. Zehazki, kortexean zentratu naiz.
Hartzaile bat zer da?
Gure garuneko sarraila baten modukoak dira. Giltza batzuk daude, direla neurotransmisoreak; bada dopamina, serotonina… eta horiek sartzen dira sarraila batzuetan. Nik sarraila horiek ikertzen ditut. Zehazki, hiru hartzaile ikertu ditut: dopaminaren D2-a, kanabinoideen CB1-a eta glotamatoaren mGlu2-a. Gaizki esanda, hartzen duten neurotransmisore kantitatea alderatu dut.
Eta badago desberdintasunik?
D2aren kasuan ikusi dut ez dagoela desberdintasunik. Kortexean, behintzat, espresioa ez dago aldatuta. Baina beste arrazoiren bat egongo da, zergatik D2ak bai eragiten du eskizofrenia; CB1en kasuan bai ikusten dela tratamendu antipsikotikoek egiten dutela bajatu kantitatea edo espresioa. Eskizofreniak ez dirudi aldatzen duenik baina tratamenduak bai; eta mGlu2ren kasuan bai eskizofreniak eta bai tratamenduak bajatu egiten dutela espresio hori.
Emaitza hauek aplikagarriak dira?
Zati hau nire ikerketaren lehen zatia da. Nire tesiaren mamia da, gutxi gorabehera, lehenik hartzaile hauek banaka begiratzea; gero asmoa da heteromero deitzen diren hartzaileen-egiturak aztertzea. Eta aztertzea ea desberdintasunik badagoen eskizofrenia dutenen eta ez dutenen artean; eta horrela bada, hurrengo pausoa izango litzateke animalietan ere gertatzen den ikustea; eta hor ere horrela bada, asmoa izango litzateke ukitzea: adibidez, apurtzea lotura hori eta ikustea ea sintomak hobetzen diren. Hor ukituta sintomatologia hobetzen bada, onena izango litzateke farmakoren bat lortzea. Asmoa da farmako berriak lortzea, gaur egungoek arazo asko dituztelako.
Ikerketa-lanean bakarrik ari zara?
Taldean egiten dugu lan, baina esperimentu gehienak nik egin ditut eta Ikergazten bakarrik aurkeztu nituen emaitzak. Tesia pertsonala da, baina taldean egiten da lan. Besteen laguntza beharrezkoa da. Talde lana da, hortaz. Gaur egun, bakarka eginda, tesi bat nahikoa eskas geldituko litzateke. Bai behintzat osasun zientzien munduan. Inork ez daki dena. Teknika batzuetan espezializatu zaitezke, baina beste batzuk ere behar dira. Ezagutza desberdinak dituen jendea beharrezkoa da.
Ikerlariak saretuta zaudete?
EHU barruan sare ezberdinak daude; beste unibertsitate batzuekin ere badaude kolaborazio konkretuak; eta gero, ciber deitzen diren organizazioan daude: ciber desberdinak daude, eta gurea cibersam da. Gaixotasun psikiatrikoez zentratzen den talde handi bat da.
Emakumerik badago?
Nire taldean, tesia egiten ari garenon artean, gehiengoa emakumezkoa da. Gizonezko bakarra naiz. Eta karrera garaian ere emakumezkoak gehiengoa ziren. Agian gehiago kostatzen da ingeniaritzetan eta sartzea emakumeak, baina osasun zientzien arloan emakumeak gehiengoa dira. Nahiz eta goi goiko postuetan gizonezkoak egon.
Eta zein baldintzatan zabiltzate lanean? Pandemia dela eta hobetuko direnaren itxaropenik baduzu?
Hobera ez dute egingo. Berdin geldituko dira.
Zientziak aterako gaitu pandemiatik.
Ikerlarion lana beharbada gehiago baloratuko da aurrerantzean. Baina jendeak arazo nahiko ditu eta bakoitza bere mikromunduan zentratuta bizi da. Logikoa da. Nahiz eta gehiago baloratu, ez dut uste indar nahikorik izango den ikerlarion baldintzak hobetzeko.
Ikerketa-lanari behar bezalako garrantzia ematen zaio?
Bai eta ez. Alderatzen duzunaren arabera. Diru aldetik nahiko ondo gaude eta burutu ditzakegu esperimentuak. Baina beste herrialde batzuekin alderatuz gero atzean gelditzen gara. Eta nik uste dut publiko orokorrak bukaeran zerbait garrantzitsua lortzen denean ematen diola merezi duen garrantzia. Baina zaila da publiko orokorrari mota honetako emaitzak azaltzea. Adibidez, nire tesiaren helburua lortuz gero, dela farmako berri bat lortzea azkenean, hori bai baloratuko litzatekeela. Baina aurreko lan guztia zaila da ikustea.
Dibulgazioa beharrezkoa da horretarako.
Dibulgazioak garrantzi handia du publiko orokorrak gehiago ulertzeko emaitzek zer nolako esfortzua duten. Eta, azkenean, publiko orokorraren onarpenak indar bat eragiten du diru-laguntza handiagoak izateko. Diruarekin aurrera eraman daitezke proiektuak, bestela ezinezkoa baita.
Dibulgaziorako plaza nahikorik badago?
Geroz eta gehiago daude. Ikergazte, esaterako, oso ondo dago. Euskaraz da eta arlo ezberdinetako jendea elkartzen da. Jendea saiatzen da sinple azaltzen, ahalik eta errazen eta ulergarrien, nahiz eta ez asko sakondu. Baina gehiago ere egon zitezkeen.
Ikergazteren formatua gustatzen zaizu?
Formatu txikien alde dago jende asko agertu daitekeela. Parte hartu dutenetako batzuk bazuten pena pixka bat gehiago sakondu ezin ahal izateagatik. Baina, azkenean, jende askorena nahi bada entzun hobe da titularrak bota eta sakondu nahi duenak gero bere kabuz egin behar izatea.
10 minutu izan zenituen zuk. Nahikoak izan zitzaizkizun?
Ondo dago. Ahozko aurkezpena egin nuen eta osasun zientzietako jendeari zuzendu nintzaion. Lehen aldia zenuen. EHUren bidez jakin nuen aukera zegoela lanak bidaltzeko. Nituen emaitzekin artikulu bat prestatu nuen, euskaraz. Beraiek erabakitzen duten balio duen ala ez. Zuzenketa batzuk ere egiten dizkizue, zenbait apunte. Gero, artikulu hori, kongresuaren inguruko liburu batean argitaratzen da.
Nolakoak dira zuen hizkuntza ohiturak?
Publikazioak ingelesez egiten dira. Orduan, ondo dago kongresu mota hau euskara zabaltzeko eta jendea motibatzeko.