Dultzaineroak ere elkartu dira Uztakale egitaraura
Bihar kalejira egingo dute, Hegialdetik abiatu eta Euskal Herria plazaraino. Aste honetako kultur egitarauan dantza, musika eta Ikatzaren ikus-entzunezkoa izango dira protagonistak. Ekitaldietarako sarrerak Kultur Etxean eskatu daitezke gaurtik.
Legazpiko udako arratsalde-iluntzak girotzen dituen Uztakale kultur egitaraua joan den astean abiatu zen ekitaldiz beteta, eta aste honetan herriko beste musika talde batek ere parte hartuko duela iragarri dute. Hala, bihar asteartea, kalejira egingo du Doinua Dultzainero taldeak, 19:00etan Laubideko kale nagusitik aterata, Euskal Herria plazaraino.
Astean zehar hitzordu gehiago ere proposatzen ditu Uztakalek: ostegunean Errimak bi oinetan dantza eta bertso ikuskizuna izango da, 19:00etan Haztegin; ostiralean Ikatzako bazkideen ikus-entzunezkoa 22:30ean Azokan; larunbatean Kontuz! Erromeriya eta Estutu taldeen kontzertua 18:30ean Agirre-Etxeberri parkean; eta igandean Legazpi Musika Bandaren kontzertua Haztegiko patioan 13:00etan. Ikuskizun guztietarako sarrera dohainik da, baina txartela eskuratu beharko da aurretik Kultur Etxean.