Legazpiko musika eta kulturari bultzada Lekanazpiren eskutik
Elkarteak antolatuta, kontzertu akustikoa egin dute Nolanahi, Nare, Billy Club, Laulore eta Insanos taldeek. Sustraiak eta Korosti dantza taldeek ere parte hartu dute.
Sara Lanz eta Antxon Iraeta aurkezle lanetan jarrita eta Joseba Sarrionaindiaren hitzak ekitaldiaren ardatz bihurtuta, Legazpiko bost musika taldek kontzertua egin zuten atzo arratsaldean Legazpiko Azokan. Lekanazpi elkarteak antolatutako bigarren kontzertu akustikoa zen, eta iazko udan Haztegi ikastolako patioan egin zena bezain arrakastatsua gertatu zen.
Nolanahi bikoteko Maria eta Paula izan ziren taulara igo zuten lehenak, eta ondoren Nare taldeko Antton, Malen eta Xabiren txanda izan zen. Billy Club hirukotea izan zen hurrengoa, Gonzalo, Martin eta Urkorekin, eta laugarrenik Laulore taldea, Jone, Lierni eta Mikelerekin. Hirukote honek Sustraiak dantza taldeko dantzarien laguntza izan zuen abeste batean. Amaitzeko “beteranoenak” utzi zituzten, Insanos taldeko Edu, Iñaki, Jokin eta Llama. Korosti taldeko dantzariek eman zioten amaiera kontzertuari. Guztiek esker hitzak izan zituzten antolakuntzarako, herriko musika eta kulturari bultzada emateagatik.