Kaleko merkatalgunea
Ilinti merkatari elkarteak antolatuta, Dendak Kalera azoka egingo dute herriko dendariek hilaren 20an. Patrizio Etxeberria kalea eta Kale Nagusia merkatalgune erraldoi bihurtuko dira
Kale Nagusia eta Patrizio Etxeberria kaleak mertatalgune erraldoi bihurtuko dira asteartean, uztailak 20, Ilinti elkarteak antolatutako Dendak Kalera azokari esker. Herriko 14 establezimenduk salgaiak kalera aterako dituzte egun osoan zehar, herritarrei eta kanpotik etorritakoei beherapenetaz eta denboraldia berriaren aurrerapenetaz baliatzeko aukera eskainiz.
Herriko merkataritzari bultzada ematea da Dendak Kalera azokaren helburua, eta herritarrak bertan erostera animatzea. Gehienek denden aurreetara aterako dituzte salgaiak, eta beste batzuk Kale Nagusira eramango dituzte eta karpa baten azpian salgai jarri.
Ordutegia 09:30etik 20:30era izango da, eta giroa alaitzeko musika izango da tarte horretan Kale Nagusian eta Patrizio Etxeberrian, eta trikitilari talde batek ere alaituko du merkatalgune berezi hori. Ilintik azoka girotzeko ekitaldi gehiago prestatzeko gogoa zuen, baina koronabirusarengatik ezin izan du. Osasun egoera oraindik berezia dela eta, maskara eramatea gomendatzen du gainera, eta arropak eta bestelakoak ukitu aurretik eskuak gelarekin garbitzea ere bai.
Herriko 14 denda kalera
Zapata eta arropa denda dira nagusi Ilintik antolatutako festa honetan, baina beste alor batzuetako merkatariak ere izango dira, optikak, belardenda bat, lore denda, kafe denda bat… Guztira herriko 14 establezimenduk parte hartuko dute: Aranzazu eta Oskarbi optikek, Cristina eta Kukas arropa dendek, Kiska arropa eta osagarri dendak, Idoia eta Urzelay oinetako dendek, Anei haurren oinetako dendak, Maitia haurren arropa eta oinetako dendak, Eder eta Nuñez mertzeriek, Korosti Kafeak, Lanbroa Belardendak eta Mimaru lore dendak.
Ilintiren ‘Raska’ kanpaina
Ilintik, bestalde, beste kanpaina bat du martxan bihar arte: Raska. Erosketak egitean, txartel bat emango diote erosleari, eta 5 eta 10 euroko sariak irabazteko aukera izango da. Urrian beste kanpaina bat jarriko dute martxan.













