Sustraiak dantza taldeak kalean amaitu du ikasturtea
Uztakale kultur egitarauaren barruan, 'Asko falta da???' kale ikuskizuna eskaini dute dantzariek Kale Nagusian eta Euskal Herria plazan. Hurrengo ikasturterako matrikula irailaren 1ean eta 2an egin behar da.
Uztakale kultur egitarauak eskainitako aukera baliatuz, ikasturte amaiera ospatu zuten Sustraiak dantza taldekoek ostiral iluntzean, kalean Asko falta da??? ikuskizuna eskainiz. Kale Nagusian eta Euskal Herria plazan egindako hiru geldialdietan zehar, dantza errepertorio zabala eskaini zuten, Goiz Deia txistulariak, Legazpiko dultzaineroak eta trikitilariak lagun zituztela. Ikuskizunaren balorazio positiboa egin dute dantzariek: «Jaialdia oso ondo atera zan, ikustera jende asko hurbildu zan eta musikari eta dantzariek oso gustura amaitu genuen».
Orain oporrak dituzte, eta irailean ekingo diote berriz ere jarduerari, ikastaroetarako matrikula irekiz. Irailaren 1a eta 2a izango dira izena emateko egunak, 18:30 eta 19:30 bitartean, lokalean. 2010 eta 2016 urte bitartean jaiotakoei zuzendutako ikastaroak izango dira.