Ikasturtea amaituta, ikasgelaren erabilera datuak eman dituzte
Maiatzaren 24tik uztailaren 7ra bitartean egon da zabalik, egunero. Guztira 17 ikaslek erabili dute zerbitzua. Irailean irekiko dute berriz, ikasturte osoan zabalik izateko
Obren gora-beherengatik eta pandemiaren eraginez atzeratuta, eta herriko ikasleekin tirabirak izan eta gero, maiatzaren 24an Saturnino Telleria kalean ireki zuten Ikasgelak amaitu du ikasturtea, eta Legazpiko Udalak zerbitzuaren erabilera datuak kaleratu ditu. Uztailaren 7an itxi du udalak 2020-2021eko udako denboraldia; irekita egon den asteetan 17 ikaslek erabili dute zerbitzua.
Maiatzaren 24tik uztailaren 7ra bitartean egon da irekita Ikasgela, egun guztietan, nahiz eta ekainaren 23tik aurrera inor ez den bertara joan ikastera. Hasieran zerbitzua erabiltzeko udalak 20 eskari jaso bazituen ere, azkenik 17 ikaslek erabili dute. Irekita egon den 31 egunetan, eguneko bost pertsona erregistratu dira batez beste, baina lehen astean kopurua altuagoa izan da, bederatzi erabiltzaile batez beste. Azpimarratu behar da zazpi ikaslek 11-17 egun bitartean erabili duela Ikasgela.
Erabiltzaileek uztailaren 23ra arteko epea dute Ikasgelara sartzeko erabili duten txartela entregatzeko. Kultur Etxeko harrerara eraman behar dute, 08:30etik 14:00etara.
Ikasturte berriari begira
2020-2021 ikasturtea amaituta, Ikasgelaren ebaluazio orokorra egin nahi du udalak, hurrengo ikasturtea prestatzeko. Hori dela eta, erabiltzaileei galdetegi bat betetzeko eskatu die, haien iritzia eta proposamenak jasotzeko.
Udalaren asmoa Ikasgela berriz ere irailean zabaltzea da, ikasturte osoan irekita mantentzeko helburuarekin.
Ikasgela Legazpin, 2017tik
Legazpiko Udalak 2017aren amaieran jarri zuen martxan Ikasgela edo ikasteko gunea Bikuña jauregian. Ordutik, azterketa garaietan ireki du urtero, pandemia iritsi den arte.
2019an, zerbitzua Saturnino Telleria kalean Doinua Musika Eskolaren egoitza izandako lokaletara eramateko prozesua hasi zuen, baina lanekin hastean, eraikuntzan aurkitutako amiantoak eta pandemiak berak zerbitzu berriaren irekiera atzeratu egin zuen. Bitarte horretan, udalaren eta ikasleen artean tirabirak izan ziren, azken horiek zerbitzua ezinbestean irekitzeko eskatzen zutelako.
Azkenik, maiatzaren 24an ireki zuten Ikasgela berria, baina berezko 32 ikasleentzako edukiera 18ra jaitsita, pandemiagatik distantziak mantentzeko.