Legazpiko plaza hondartza bihurtuta
Uda ikastaroan parte hartzen ari diren haurrek ur jokoak egin dituzte goizean zehar Euskal Herria plazan, bertan dagoen iturria eta eguraldi beroa baliatuz. Ikastaroa ostiralean amaituko da.
Harmailak hondarra izango balira bezala, eta iturria itsasoa, Legazpiko Euskal Herria plaza hondartza bilakatu da gaur goizean, uda ikastaroetan parte hartzen ari diren haurren ur jolasak medio. Haurrak eta begiraleak goitik behera bustita ibili dira goiz osoan zehar, giro ederrean eta eguraldi beroaz gozatuz.
Euskara eta aisia uztartuz uda ikastaroetan gauzatutako ekintzetako bat da gaurko hau. Uztailaren 5ean hasi ziren uda ikastaroak, eta ostiral honetan amaituko dira. Ikastaroetan 252 haur ari dira guztira, 27 taldetan banatuta eta 30 begiraleen zaintzapean.