Legazpiko Udalak 17.000 eurorekin lagunduko du eskola materiala erostea
Ekipo informatikoak erosteko diru laguntzak ere badaude. Eskola materiala herrian erosi beharko da, eta informatikoa Gipuzkoan. Familia errenta hartuko dute kontuan
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2021/07/2021-07-22-p007_f01.jpg)
Eskola materiala eta informatikoa erosteko diru laguntzen deialdi berria egin du Legazpiko Udalak. Eskaerak egiteko epea irailaren 1etik urriaren 31ra artekoa izango da, baina materiala erosteko tartea uztailaren 1etik urriaren 31ra bitartekoa da.
Eskola materiala Legazpiko dendetan erosi beharko da, eta horren barruan sartzen dira, besteak beste, idazteko behar diren gauzak, motxilak eta estutxeak, amantalak eta kirola egiteko arropa eta baita betaurrekoak eta lentillak ere. Ekipo informatikoak udalerritik kanpo eros daitezke, baina Gipuzkoako Lurralde Historikoaren barruan.
Aurreko urteetan baino diru gehiago banatuko dute aurten, 17.000 euro guztira, eta laguntza moten kopurua ere handitu egin dute, premia handiena dutenei laguntzeko asmoz.
Diru laguntzekin, seme-alabak eskolaratzeak familiei eragiten dien gastuan laguntzea eta tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea nahi du udalak.
Familia errentaren arabera
Diru laguntzak emateko familia unitatearen errenta izango du kontuan udalak.
Lehen tarte batean, 12.100 euroko edo diru sarrerak bermatzeko errentaren gehieneko muga gainditzen ez duten familiak daude. Horiek 140 euro jaso ahal izango dituzte seme-alaba bakoitzeko eskola materiala erosteko, eta 350 euro familiako, ekipo informatikoak erosteko.
Bigarren tartean 19.950 euroko diru sarrererak (familia ugarien kasuan, 29.950 eurokoak) gainditzen ez dituzten familiak sartzen dira. Horiek 120 euro izan ditzateke seme-alaba bakoitzeko eskola materialerako, eta beste 200 euro familiako, ekipo informatikoak erosteko.
Hirugarren multzoan, familiek ezin dute 27.000 euroko diru sarrera gainditu, eta familia ugarien kasuan, 37.000 eurokoa. Horiek guztiek 100 euro jaso ahal izango dituzte seme-alabako eskola materiala erosteko, eta 150 euro familiako ekipo informatikoak erosteko.
Azkenik, laugarren tartean, errentaren muga 40.000 euroan jarri dute. Kasu honetan, seme-alaba bakoitzeko 70 euro izango dira eskola materiala erosteko eta familiako beste 100 euro ekipo informatikoak erosteko. Familia ugarien muga 50.000 eurokoa da, eta laguntzak 80 euro eskola materialerako, eta 125 euro ekipo informatikoetarako.
Kasu guztietan fakturak aurkeztu beharko dira.