Eguneko Zentroko asialdi jardueren eskaintza handituz doa astetik astera
Aisialdiak ez du etenik izan pandemia garaian, baina ekintzak moldatu egin dituzte. Terrazari probetxu handia atera diote. Nagusilaneko boluntarioek lanbideen gaia landu dute
Pandemia garaian ere, Legazpiko Eguneko Zentroak ez ditu ahaztu erabiltzaileei zuzendutako aisialdi jarduerak. Segurtasun neurri guztiak hartuta, astetik astera areagotzen ari den eskaintza da hori.
Hala baieztatu zuten atzo zentroaren aurrealdean elkartu ziren Amaia Olariaga begiraleak, Asun Ugarte Nagusilaneko boluntarioen koordinatzaileak eta Maite Lonbide gizarte gaietako zinegotziak. Atzean, eguerdiko eguzkiaz gozatzera ateratako erabiltzaileak zituzten korro batean bilduta.
Jarduera bereziak
Azken urtea «ezberdina eta berezia» izan den arren, zentroak jarraitu du aisialdi ekintza desberdinak antolatzen, «beti ere osasun neurriak errespetatzen, hau da, musukoaren erabilera, distantzia eta eskuen higienea», Olariagak azaldu zuenez.
Eguneroko ekintzen artean, egunkaria irakurtzea eta gimnasia aipatu zituen, baina «ekintza bereziagoak» ere egin dituztela zehaztu zuen, «inauteriak, aitaren eta amaren egunak, emakumeen egunean egindako elkartasun martxa, San Joanak, San Ferminak…». Familien parte hartzea ez da posible izan, baina bideo bidez gertu izan dituztela gehitu zuen aisialdi begiraleak.
Boluntarioak ere aipatu zituen, «Legazpin oso talde ona daukagu», eta horiei esker eguraldi onarekin terrazari probetxu atera ahal izan diote, «erabiltzaileek paseoak emateko, euren arteko harremanak sustatzeko eta kanpoko jendearekin kontaktua izateko». Azokara irteerak egin dituzte eta musika emanaldiake ere izan dituzte.
Boluntarioen lana
Nagusilaneko boluntarioek, berriz, jarduna moldatu egin behar izan dute. «Hainbat ekintza ezin ditugu egin, ez Eguneko Zentroan, ez egoitzan ezta Garagunen ere», azaldu zuen Ugartek. Karta jokoak eta bingoa alboratu, eta zentroaren barrura sartu ezin dutenez, kanpora atera dituzte erabiltzaileak, terrazan paseatzera eta azokara, adibidez.
Beste ekintza batzuk ere burutu dituzte, eta horietako bat lanbideena izan da. «Bi boluntario etorri dira, euren lanbideak azaltzera, bata gizonezkoen ile apaintzailea zen eta besteak piper hautsa egiten zuen Extremaduran». Irailean saio gehiago egingo dituztela agindu zuen.
Zerbitzu segurua
Boluntario horien lana, hain zuzen, eta zentroa kudeatzen duen Eulen enpresako langileena goraipatu zuen Lonbidek, eta eskerrak eman zizkien «neurriak hain zorrotz betetzegatik, horren emaitza zentroan positibo bat bera ez izatea izan delako».
Alde horretatik, Legazpiko Eguneko Zentroa «oso segurua» dela berretsi zuen Lonbidek, eta zerbitzu horren premia duten legazpiarren senitartekoei deia egin zien plaza eskatzeko. Horretarako, udaletxeko gizarte zerbitzuetara jo behar dute.
Legazpiko Eguneko Zentroak 24 plaza ditu astelehenetik ostiralera, eta 18 larunbat, igande eta jai egunetarako.