Ordiziako udala uztailaren 25eko gauean gertatutako eraso matxista ikertzen ari da
Udala osatzen duten taldeek komunikatua zabaldu dute gertatutakoaren aurrean. Emakumeen aurkako indarkeria baztertu eta horrelako gertakarien aurrean baliabide guztiak erabaliko dituztela diote, gertatukoa argitzeko eta erasoa jasan duenari laguntza eta babesa emateko.
Ordiziako Udala osatzen duten talde guztiek adostuta komunikatua zabaldu dute sare sozialen bidez uztailaren 25etik 26rako gauean Ordizian eraso matxista bat gertatu zela jakin dutelako, eta gertatutakoa argitzeko informazioa biltzen ari direla azalduz. “Inplikatutako pertsonen eta beren familiako kideen nortasuna babesteko zuhurtasunez jokatzea funtsezkoa” dela iritzi du udalak, hala eta guztiz ere, eraso matxista guztiak “irmotasunez baztertzen eta baztertuko” dituela dio, eta indarkeria matxista jasan duenari arreta eta babesa emateko jardungo duela. Indarkeria jasan duen pertsonaren egoera emozionala eta fisikoa izango dela udalaren lehentasuna, eta horrelako gertakari baten aurrean, erasotuak hartzen duen erabakia errespetatzea eta laguntza bermatzea ere.
Oharrean azaltzen dute baita ere, gertaera jakin eta egiaztatzeko, lanean ari direla udalaz gaindiko beste erakunde eta eragile sozial batzuekin batera, “kasuaren ahalik eta ikuspegi osoena eta ziurrena izateko” eta “eraso matxisten aurkako erantzun instituzional irmoa emateko”.
Gizarte zerbitzuek eskura dituzten informazio eta baliabide guztiak jarri dituztela martxan lehentasunezko arreta eskaintzeko; psikologikoak, juridikoak, sanitarioak eta babesekoak. “Eraso matxisten aurrean isilik egoteak konplize egiten gaituela ere salatu du Udalak, horregatik, dei egiten dute adin guztietako ordiziarrei, edozein unetan eraso matxistaren baten lekuko izanez gero, erasoa jasan duen pertsona babestu dezaten eta laguntza eskaini diezaioten.
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko telefono bat ere zabaldu dute: 900 840 111.