Orientazio jolasak eta ibilaldi gidatua antolatu ditu Anduetza parketxeak
Abuztuaren 8rako eta 22rako parketxeko orientazio zirkuituan jolasa prestatu du Zegamako parketxeak. Abuztuaren 29an San Adriango igarobideko sekretuak ezagutzeko ibilaldia egingo dute
Gipuzkoako parketxe sareak eta Zegamako Udalak bultzatuta, Zegamako Anduetza parketxeak hainbat ekintza antolatu ditu datorren hilabeterako. Abuztuan ere, orientazio jolasak eta ibilaldi gidatua egiteko aukera izango dute herritarrek Anduetza parketxearekin harremanetan jarrita. Bi jarduera prestatu dituzte, hiru egun ezberdinetan egiteko. Batetik, orientazio zirkuituan prestatutako jolas baten bidez orientazio lantzeko aukera izango da, eta bestetik, San Adriango igarobidean egindako aurkikuntzak ezagutzeko aukera izango da. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da.
Abuztuaren 8an izango da lehenengo ekintza. Anduetza parketxean bertan, orientazio zirkuituko ibilbide horian murgilduko dira parte hartzaileak. Orientazio mapa eskuan hartuta, orientazioaren hastapenak ezagutuko dituzte. Anduetza parketxea izango da abiapuntua eta 10:30ean hasiko da. Taldeak 10 minutuko tartearekin irtengo dira. Partaide bakoitzak 3 euro ordaindu behar ditu. Bi aste geroago, abuztuaren 22an, jarduera bera egingo dute. Edonork hartu dezake parte, adin guztietako herritarrei zuzendutako jolasa baita. Abuztuko azken iganderako, aldiz, hilaren 29an, ibilaldi gidatua antolatu dute Gizateriaren ondare den San Adriango Leizarrateko igarobideko sekretuak ezagutzeko.
10:00etan Otzaurtetik 4 kilometrora dagoen Aldaola aparkalekutik abiatuta, San Adrianera joango dira partaideak. Bertan igarobidearen historia ezagutuko dute. Tartean, historiaurreko gizakien aztarnak, Erdi Aroko gotorlekua edo kontrabandisten kondairak azalduko dituzte. Parte hartzaile bakoitzak 5 euro ordaindu behar ditu, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako jarduera da.
Deitu edo idatzi
Jarduera denetan parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako 943 80 21 87 edo 688 623 609 zenbakietara deitu behar dute interesa duten herritarrek, edo anduetza@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi behar dute. Osasun prebentziorako indarrean dauden neurriak hartuko dira.