Txistuaren doinuak inoiz baino ozenago entzun dira pandemian
Legazpiko Goiz Deia bandak ez du ia eten hileko azken igandeko kalejiren egutegia. Errepertorioa berritu dute azken hilabeteetan. Hurrengo hitzordua, 'saninaziotan'
Musikariena pandemiak asko zigortu duen sektorea da, baina gauza onik ateratzen jakin duenik ere izan da. Horien artean sar daiteke Legazpiko Goiz Deia txistulari banda, jarduna ia etenik gabe mantendu ahal izan duelako, eta herritarren aurrean indartuta atera delako. Larunbatean dute hurrengo saioa, San Ignazio auzoan kalejira egingo dute, 09:00etatik aurrera, ospatu behar ez diren jaiak gogoratzeko asmoz.
Iker Azpeitia bandako kideak baieztatu duenez, txistulariena izan da Legazpin martxan jarraitu duen talde bakarra. «Iazko maiatzaren 3ko eta Mirandaola eguneko ekitaldiak eta Santa Zeziliako kontzertua kenduta… urteroko kalejiren ia egutegi osoa bete dugu». Udalak baimena eman zien jendea elkartzen ez zen ekintzak egiteko, eta horrela, hileko azken igandeko kalejirei eutsi die, «igande goizetan ez da inor asko ibiltzen kalean!».
Txaloak leihotik
Pandemia garaiko lehen kalejira bereziki gogoratzen du Azpeitiak, maiatzeko festak izan behar zirenean herria zeharkatu zutelako kamioi baten gainean. Sortzecovidean plataformak antolatu zuen, musikarekin herritarrei bizipoz pixka bat helarazteko. Gero Hegialden izan ziren, jaietako asteburuan, oinez.
Ordutik, ez dute hutsik egin eta Telleriarten, San Ignazion eta Brinkolan ere izan dira festa egunetan, eta herriko gainerako auzoetan txandaka ibili dira.
Herri osora zabaltzen dituzte txistu doinuak, eta «jendeak eskertu egiten du hori, leiho eta balkoietatik txaloak jotzen dizkigute. Gure jarduna balioan jartzen dute horrela, poztekoa da!».
Kalejirak egiteaz gain, beste ekitaldi batzuetan ere parte hartu dute txistulariek: Sustraiak eta Korosti dantza taldeen emanaldietan eta lehiaketetan, eta aurtengo maiatzaren 3ko ezpata-dantza ekitaldian.
Horrez gain, Kittu taldearen bi emanaldi ere antolatu dituzte, bata iazko azaroan Latxartegin egindakoa, eta bestea joan den larunbatekoa, kalean egin zena.
Txistuaren doinu berriak
Pandemiako entseguak bereziak izan direla dio Azpeitiak, baina aurrez aurrekoekin aspaldi hasi ziren, Doinua musika eskolak emandako erraztasunei esker. Errepertorioa handitzeko baliatu dute aukera hori, eta orain, kalejiretan ohikoak diren zortzikoez eta biribilketez gain, kontrapasak, fandangoak, arin-arinak eta abestiak ere jotzen dituzte.
«Ea horrek ikasle gehiago ekartzen dituen txistuaren mundura. Goiz Deia osasuntsu dago, baina erreleboa behar dugu». Txistua musika aldetik «aukera asko dituen tresna da, eta hori helarazi behar zaio jendeari».