Bertakoa eta garaikoa Mutiloako Ostatuan
Astero inguruko azokek eta saltokiek eskaintzen dutenaren arabera antolatzen dituzte menuak, garaikoa jakiak momentuan prestatuz. Covid-19ari aurre egiteko harrera ezin hobea izan zuen etxez etxeko sistema jarri zuten martxan.
Iñaki Telleria gasteiztarra da Mutiloako Ostatuko sukaldaria. 2011. urtean hasi zituen sukaldaritza ikasketak Donostian. Hauek amaitu ondoren 2015ean Oianguko jatetxean hasi zen lanean.
Zerk ekarri zaitu Mutiloako Ostatura?
Oianguko jatetxean lanean gebiltzan bitartean Mutiloako Ostatua libre gelditu zela jakin genuen eta hura hartzeko eskaera egin ziguten. Bost pertsonako lan taldea ginen Oiangun, kooperatiba bezala egiten genuen lan. Orduan bi jatetxeekin egin genuen aurrera baina bi urte pasa ondoren Oianguko jatetxea itxi eta norberak bere bidea hartu genuen. Nik orduan bertan geratzeko autua egin nuen eta Mutiloako Ostatua proiektu pertsonal bezala hartu.
Nola deskribatuko zenuke eskaintzen duzuen menua?
Garaiko janariarekin egiten dugu lan. Momentuko eta garaiko janaria ematen dugu. Astero inguruko herrietako azoka, harategi eta arraindegietara joaten gara eta eskaintzen dutenaren arabera erosten ditugu elikagaiak. Ez dugu karta finko batekin lan egiten, garaiaren arabera aldatzen joaten gara. Asteburuan eguneko menua eta dastatze menua eskaintzen ditugu. Asteburuetan karta ere ematen dugu.
Plater bat aukeratzea posible izango zenuke?
Orain udan txipiroi platera. Leka salteatuak, txipiroiak plantxan eta hankatxoak tintan prestatzen ditugu, plater konpletoa gelditzen da. Jendearen gustukoena orain hori dela esango nuke. Eta datozen urtaroetan, gure langilea den Izarori asko gustatzen zaizkion zizahoriak erabilita nahaski moduko bat egiten dugu. Patata krematu eta arrautza gorringo batekin lagunduta.
Nola lortu duzue Covid-19ak eragindako kalteei aurre egitea?
Denei bezala hasieran min handia egin zigun. Ateak itxi beharra izan genuen denbora luzez eta langileen ERTEekin gorabeheretan ibili ginen. Baina egoeraren garapena ikusita hasieratik etxeetara janaria eramateko sistema jarri genuen martxan. Harrera oso ona izan zuen. Janaria hotzetan eramaten genuen jarraibide batzuekin etxeetara. Orain egoerak hoberanzko bidea hartu duela dirudi. Bertako jende asko hemen gelditu da eta nazio mailako turismo asko dago baita ere. Azkenengo bi hiru hilabeteetan hobeto ari gara lanean baina urte gogorra izan da.
Hotela ere ireki duzue, ezta?
Lau logelako landetxe moduko bat ireki dugu. Ondo ari gara lanean, gehien bat mendira datorren jendea etortzen zaigu. Txakurrak ere onartzen ditugu eta animalia hauekin turismoa egiten duten jende dexente gerturatu da.
Zerk egiten du Mutiloako Ostatua bakar?
Gure kontzeptua ezberdina izateak agian. Ez dugu karta edo eguneko menu finkorik, garaikoarekin egiten dugu lan.













