Musika hitzorduak izango dira nagusi Legazpiko iraileko agendan
Agorreko Santikutzak ez dira ospatuko aurten ere, baina musikak beteko du neurri handi batean hutsune hori. Herriko taldeen emanaldiek leku berezia hartuko dute
Jai giroarekin lotuta egon ohi den hilabetea da iraila Legazpin, Agorreko Santikutz festak tartean direla. COVID-19aren ondorioz aurten ere ez da festarik ospatuko, baina udaleko kultura sailak prestatutako agendarekin konpentsatuko da nolabait hutsune hori. Agenda horretan, musikak eta herriko musika taldeek toki berezia hartu dute.
Brinkolan auzoko gazte batzuek udalaren laguntzaz abuztuaren amaieran antolatutako kontzertuarekin hasitako sokari jarraipena emango zaio horrela. Brinkolako kontzertuan Legazpi bertako Anker, Zestoako Rodeo eta Eibarko Hellwatch taldeek musika doinu gogorrak jarri zituzten. Irailean, beste era bateko musika izango da entzungai Legazpin.
Herriko taldeak eta bandak
Iraileko lehen hitzordua larunbat honetan bertan izango da, Iñaki Palacios & The Gaels taldearekin. Emanaldia Agirre Etxeberri parkean izango da, 19:00etan, eta sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Kultur Etxean. Biharamunean, Legazpi Musika Bandak kalejira egingo du erdigunean, 11:00etatik aurrera.
Hurrengo asteburua ere bete-betea etorriko da. Larunbatean, irailak 11, Alaitasuna Errondailla kalera aterako da aspaldiko partez, eta emanaldia egingo du kalez kale 12:30ean hasita. Igandean, Goiz Deia Txistulari bandako kideen txanda izango da, eta kalejira egingo dute herriguneko parkeetan, 09:00etan hasita. Arratsaldean musika bandak joko du berriz ere, eta emanaldi ibiltaria egingo du erdigunean, 18:00etatik aurrera.
Irailaren 19an, bestalde, txistulariak Gorostiaga mendian izango dira jotzen, 12:00etan hasita, urteroko Agorreko Santikutzetako erromeria gogoratuz.
Bandak, azkenik, beste hitzordu bat ere izango du irailean, hilaren 26an. Igande horretan kontzertua egingo du Agirre-Etxeberri parkean 12:30ean.