Ardi gazta eta txakurrak, Artzain Eguneko protagonistak
Ohi baino ekitaldi gutxiagorekin, igandean ospatuko da Legazpin. Gipuzkoa mailako artzain gazta eta txakur lehiaketak egingo dira. Gazta saltzaileak ere izango dira
Iraileko lehen igandea dator, eta ohi baino formato txikiagoarekin bada ere, Legazpik Gipuzkoako Artzain Egunaren ospakizuna hartuko du beste urte batez. Azoka eta inguruak, eta Urtatzako zelaiak prest daude aurtengo festa berezia ospatzeko.
COVID-19aren ondorioz eta bigarren urtez, artzaintzaren munduko festa handia osatzen duten ekitaldi gehienak ez dira egingo, baina egunaren funtsa direnak mantendu dira: Gipuzkoako artzain gazta txapelketa, gazta salmenta eta artzain txakur txapelketa.
Gazta, goizeko izarra
Aurten irailaren 5ean egokitu den Artzain Eguna 10:30ean hasiko da, Gipuzkoako 37. Artzain Gazta Lehiaketa martxan jarrita. Azokan egingo da, ateak itxita. Epaimahaia bederatzi pertsonek osatuko dute. Tartean izango dira Idiazabal jatorri deiturako hiru dastatzaile eta Gipuzkoa kanpoko hiru artzain, eta horiekin batera, hiru legazpiar ezagun. Aurten Go!azen telesaileko Maria Redondo aktorea, Euskal Herriko Trikitixa elkarteko lehendakaria den Agurtzane Elustondo, eta Alfredo Medina, Mantxako gaztaren kofradiako maestrea gonbidatu dituzte.
Lehiaketa honetan Artzai Gazta elkarteko bazkide diren Gipuzkoako gaztandegiek parte hartuko dute, eta lehen 10 sailkatuak urrian jokatuko den Euskal Herriko lehiaketara pasako dira zuzenean.
Sari banaketa 13:30ean egingo da Euskal Herria plazan, foru aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Legazpiko Udaleko ordezkarien partaidetzarekin.
Gazta salmenta ere izango da goizean zehar, Azoka ondoan. Gipuzkoako bost gaztandegi izango dira gazta saltzen: Legazpiko Erreizabal eta Makatza, Gabiriako Baztarrika, Berastegiko Gazpio eta Azpeitiko Xoxote.
Arratsaldean, txakurrak
Goizekoak amaituta, arratsaldean artzain txakurren txanda izango da. 17:30ean hasita, Gipuzkoako 52. Artzain txakur txapelketa jokatuko da Urtatzako zelaian.
Lau artzainek parte hartuko dute txapelketan: Mutrikuko Jabier Zubiaurre Mendi txakurrarekin; Oñatiko Migel Arregi Argirekin, eta Jose Mari Bengoa Eder eta Zeurekin, eta Ataungo Aitor Tato Nabar txakurrarekin.
Irailak 5, egitaraua
Gazta lehiaketa. Gipuzkoako Artzain Gaztaren 37. Lehiaketa. Azokan, 10:30ean hasita, eta ateak itxita.
Gazta salmenta. Legazpiko Erreizabal eta Makatza, Gabiriako Baztarrika, Berastegiko Gazpio eta Azpeitiko Xoxote gaztandegiak. 10:30etik aurrera, Azoka kanpoaldean.
Gazta lehiaketaren sari banaketa. Euskal Herria plazan, 13:30ean.
Txakur txapelketa. Gipuzkoako 52. Artzain txakur txapelketa, Urtatzako zelaian, 17:30ean hasita.