Arkatza, Irule eta Txirbil martxan jarriko dira irailarekin batera
Herriko kultur elkarteek antolatutako ikastaroak martxan jarriko dituzte Legazpin. Izena emateko epeak zabalik daude.
Irailaren hasierarekin batera, martxan jarriko dira Legazpin herriko kultur elkarteek antolatutako ikastaroak. Arkatzak, Irulek eta Txirbilek kaleratu dute ikasturte berrirako eskaintza.
Astelehenean, Arkatzak haurrentzako eta helduentzako antolatutako marrazketa eta pintura klaseak hasiko dira, eta lekua dagoenez, oraindik aukera dago izena emateko, Kultur Etxean.
Irule elkarteak, berriz, hilaren 6etik 24ra arte izango du zabalik prestatu dituen hiru ikastaroetarako matrikula epea. Eskulan ikastaroa astearte eta ostegunetan izango da, 15:00etatik 17:00etara, hileko 35 euroren truke. Puntu ikastaroa asteazkenetan emango dute, 17:30etik 19:30era, hilean 25 euro ordainduta. Azkenik, josteko lan txikien ikastaroa ere asteazkenetan izango da 14:30etik 16:30era, hileko 25 euro ordainduz. Ikastaro guztiak urritik ekainera artekoak dira, eta izena Kultur Etxean eman behar da.
Egur taila, Txirbilekin
Txirbilek, berriz, 30 orduko egur taila ikastaroa antolatu du. Astelehenetan izango da, 16:00etatik 18:30era edo 18:30etik 21:00etara, hilaren 20tik aurrera. Izen- ematea Kultur Etxean egin beharko da, 6tik 16ra bitartean.