Igartzako Mendi Duatloiko ibilbide berriak proba herrigunera hurbilduko du
Bizikletako zatia eta korrikako bigarrena aldatu dituzte. Antolatzaileen ustez gogorragoa da orain, baina politagoa ere bai: «Jendeak gehiago ikusiko gaitu». Haurren duatloia, bueltan
Igartzako Mendi Duatloiaren bederatzigarren edizioa larunbatean jokatuko da. Baina ez da aurrekoak bezalakoa izango, ibilbide berria izango baitu: «Bigarren sektorearen zati bat aldatu dugu, eta hirugarrena guztiz berria da», aurreratu du Xiker Mujika antolatzaileak. Bigarren zatian, bizikletakoan, Usurbeko maldetan barrena itzuli bakarra emango dute, baina luzeagoa. «Lehendabizikoak eta azkenak nahastu egiten ziren eta pilaketak sortzen ziren», arrazoitu du Mujikak; behin bizikletatik jaitsita, hirugarren zatian, korrika Igartzako Monumentu Multzora joko dute, Gudugarreta aldera joan beharrean. «Herritik aldendu egiten ginen eta nahiko aparte gelditzen zen. Orain herrira hurbilduko gara. Nik uste politago geldituko dela, eta jendeak ere gehiago ikusiko gaitu». Helmuga urteroko lekuan egongo da, Ixabel Olano plazaren parean.
Mujikaren ustez aldaketak proba apur bat gogorragoa egingo du. «Desnibel gehiago du, baina probak guztiz herrikoia izaten jarraitzen du». Izena emateko ez dago federatuta egon beharrik. Kirolprobak.com atariko galdetegia betetzea nahiko da. Izen-ematea ostiralean itxiko da. Halere, dortsalik geratuko balitz, egunean bertan ere eman ahalko da izena, bost euroko gainkostuarekin. 150 dortsal banatuko dituzte gehienez ere, banakako eta erreleboetako probak kontuan izanda.
Iazko proban 140 atleta baino gehiago irten ziren. Antolatzaileek aurten gutxiago izango direla espero dute: «Pandemiaren kontuarekin ez zen lasterketa askorik egon iaz, eta jendea gogotsu zegoen. Gainera, gurea Euskal Herriko zirkuituko lehen proba izan zen. Aurten eskaintza handiagoa da. Adibidez, igandean Axari trail egongo da Idiazabalen», arrazoitu du.
Denboretan Mujikak ez du aldaketa handirik espero. «Egun hauetako beroarekin lurrak lehor-lehorrak egongo dira, eta horrek proba azkartu egingo du. Agian, azkarregi ere egongo da».
Gelditu gabe
Igartzako Mendi Duatloia ez zen pandemiagatik gelditu. Mujikaren ustez horrek abantaila ematen die orain. «Ez du alde handirik, baina duen guztia mesede. Errutinari jarraipena eman diogu». Bederatzigarren urtea izango da aurtengoa eta esperientzia pilatzen ari dira. «Beti dago zeregina, baina urtetik urtera geroz eta lasaiago egiten ditugu antolaketa lanak», aitortu du. Aurten, esaterako, ibilbide berria egiteko hainbat bide ireki behar izan dituzte. Arrieta baserrira doan bi kilometro pasatxoko bide zahar bat zabaldu behar izan dute, sasiak janda baitzegoen. Bizikletan jaitsi egin beharko dute malda hori.
Lasterketa hasi arte kirolariek ezingo dute musukoa kendu. Proban zehar gainean eraman beharko dute, ezer gertatuz gero ahalik eta azkarren janzteko. Helmugaratutakoan berriz jantzi beharko dute. Era berean, irteeran lehiakide bakoitzak bere postua markatuta izango du, distantziak bermatzeko.
Pandemiaren erruz iaz egin ez eta aurten itzuliko dena haurrentzako proba izango da. Goizean egingo dute 11:00etan. 10:30ean zabalduko dute izena emateko aukera. Lehiatuko diren haur kopuruaren arabera, hiruzpalau lasterketa egingo dituzte, adinka banatuta. Guztiek izango dute saria.