Saxofoi eta piano kontzertua, Antioko baselizan
Antioko Musikaldiko bigarren kontzertua larunbat honetan izango da, Sigma Project Sax Quartet laukotearekin eta Mario Prisuelos pianistarekin.
Larunbatean Antioko Musikaldiko bigarren kontzertua izango da. Sigma Project Sax Quartet laukoteak eta Mario Prisuelos pianistak Glass, Bernstein eta Gershwin-en obrak joko dituzte.
Sigma Project Quartet laukotea duela hamarkada bat sortu zen eta makina bat kontzertu egin ditu Europan eta Latinoamerikan. Gainera, bederatzi disko argitaratu ditu eta BBVA fundazioaren Leonardo beka jaso du. Prisuelosek ere kontzertu asko egin ditu mundu osoan zehar, Europa osoko jaialdi ospetsuetara gonbidatu dute eta disko ugari grabatu ditu.
Aurtengo musikaldiak bost kontzertu izango ditu. Lehen lauak Antioko baselizan izango dira, 19:30ean. Urriaren 2koa Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da, 18:30ean. Autobus zerbitzua egongo da. Kontzertuak baino 45 minutu lehenago abiatuko da, Correosetik. Sarrera doan izango da, baina gonbidapena eskuratu beharra dago. Horretarako, Zumarragako kultur etxera deitu behar da.
Irailaren 18an Musbika Ensemble taldeak Europako barrokoan barnako bidaia egingo du eta hilaren 25ean Pablo Sainz-Villegas gitarra jotzaileak Granados, Tarrega eta Albenizen obrak joko ditu. Bukatzeko, urriaren 2an Euskal Barrokensemble taldeak Ezkioko Igartubeiti baserrian joko du.