Axari Trail mendi lasterketa jokatuko dute igandean Idiazabalen
Mikel Garmendiaren omenezko proba da. Hasieran musukoarekin irtengo dira izena emandako 400 korrikalariak. 16 eta 25,4 kilometroko ibilbideak egokitu dituzte
Igandean, irailaren 12an, Axari Trail mendi lasterketa jokatuko da Idiazabalen. Mikel Garmendiaren omenezko proba da eta bi ibilbide izango ditu. 16 kilometrokoa izango da bata, Axari Trail Txiki, 758 metroko desnibel positiboarekin, eta besteak, Axari Trail izenez ezaguna denak, 25,4 kilometro izango ditu, 1.550 metroko desnibel positiboarekin. Uztailean ireki zuten izena emateko epea, eta segituan bete zen. 300 korrikalariko inskripzioa da Axari Trailerako, eta 100 proba Txikirako. Musukoarekin irtengo dira hasieran.
Axari Trail eta Axari Trail Txikiren irteeran denbora tartea utziko dute, egoerak hala behartuta. Axari Trail mendi lasterketa 09:30ean hasiko da, eta Axari Trail Txiki, aldiz, 09:45ean. Idiazabalgo plazatik irtengo dira korrikalariak, eta leku berean amaituko dira lasterketak. 18 urtez gorako korrikalarien artean bi azpikategoria izango dira: gizonezko beteranoena, 45 urtez gorakoentzat, eta emakumezko beteranoena, 40 urtez gorakoentzat. Axari Traileko podiuma lortzen dutenentzat sari bana izango da: lehenengoak txapela, 300 euro eta garaikurra jasoko ditu; bigarrenak 200 euro eta garaikurra; eta hirugarrenak 100 euro eta garaikurra. Errekorra hausten duenarentzat 100 euroko sari berezia izango da.
Dortsalak, txipak eta lasterkarien poltsak udal pilotalekuan banatuko dituzte, larunbat arratsaldean eta lasterketa egunean, igandean bertan.
Kontrol puntuak
Ibilbidea eta kilometroak seinaleztatuta egongo dira, 5 kilometroro. Kontrolak eta lasterketarako paso-denborak ere jarriko dituzte. Lehenengo paso-kontrola Artteittan egongo da, 9. kilometroan. Ordubete eta erdiko marka ezarri dute. Bigarrena ere Artteittan egongo da, 18,5. kilometroan, 3 ordu eta erdiko denborarekin. Denborak proba 4 ordu eta erdian bukatzeko kalkulatu dituzte.
Parte hartzaile bakoitzak bere edalontzia eraman beharko du lasterketarako, eta 6 horniketa puntu jarriko dituzte. Freskagarriak eta janaria banatuko dute.