Markesaren alaba, amaduna
Sagardotegiak hasi dira sagardoa egiten. Etxean sagastiak dauzkatenak, biltzen ere bai, lehenengo. Zeraingo Oiharten, markesarenak izandako lurretatik hartu dute uzta.
Markes baten alaba marinelarekin interesatua zegoela kantatzen du euskal abesti zahar batek. Zerainen, alabak eta amak bat egin dute Oiharte sagardotegiaren sagasti batean. Segurako markesarenak izandako lurretan, duela bost urte sartutako sagarrondoen lehenengo uzta emankorra biltzen ari dira; zuku horri iazko sagardoaren ama erantsi, eta ondutako edari mota berria merkaturatuko dute, Markesa izenpean.
Hogei urteko historia betetzera doa Oiharte. 2002an berritu zuten baserria, XVII. mendekoa. Sagardotegia 2010ean jarri zuten martxan, eta produktu berritzaile ugari sortu dituzte harrezkero. Etxeko edo gertuko sagarraren alde eginda, eta langintza ekologikoa lehenetsita, betiere.
“Markesa etxeko sagasti ekologikotik abiatuta egin dugun sagardo bat da. Sagar geza-min estilokoa dauka, eta aurreko urteetako amarekin edo posoarekin onduta egin dugu. Sagardo gorpuztun bat da, janaria eskatzen duena, ahoa lehorra uzten duelako”, azaldu du Maite Retolazak.
Sagar mota batzuk nahasten dituzte, zukua egiteko. Gehienbat gezamina, urtebitxiki handia eta txalaka izeneko barietateak dauzka. Baina aldea, ardotako kriantza onduaren teknikak damaio. Janariari laguntzeko da aproposa. “Sagardotegirako erabiltzea pentsatuta daukagu, eta jatetxe berezietan ari gara azaltzen, dastatzera emanda”.
Lurrak herrikoitzen
Segurako Alustiza familiari erosi zizkioten Oihartekoek ere, Goierriko eta Gipuzkoako beste herri askotan bezala, baserria eta lurrak. Hortik hartu dute sagardo ondu berria izendatzeko deitura. Denera, hiru bat hektarea sagasti dituzte, Zerainen. “Etxe azpian 2,5 hektarea dauzkagu, eta orain biltzen ari garen sagastia, beste hektarea erdi bat. Etxe ondoan hiru hektarea dauzkagu denera. Markesaren garai bateko terrenoak ziren. Orduan sufritzea tokatuko zitzaien agian batzuei. Guri ez hainbeste, gaur egun”.
Markesaren lurretan duela bost urte aldatu zituzten sagarrondoak. “Bertako betiko barietateak” landatu zituzten. Sagasti gaztea izanda, iaz hasi zen “pixka bat” ematen, eta aurten jada “dezente” dauka.
Lehenengo prentsaldia aste honetan egitekoak dira, eta, irakite prozesua amaitutakoan, guztien gozagarri egongo da. “Guk balioa eman nahi diogu etxeko sagarrari: ekologikoa da eta kontrolatuta dauzkagun barietateetakoa. Horra goaz. Eta aurreko urteko sagardoari kutsua emanez jarraitu nahi dugu, kriantza estiloko Markesarekin”.
Vargasko markesarenak
Aristokraziaren itxi usainetik atera eta beste izaera bat hartu badu ere Markesa izenak, sagardoari esker, Zerainekiko lotura aspaldikoa du jabetzak, Alustiza sendia baino mende asko lehenagokoa. 1933an, Gipuzkoako jabe handienetan hirugarrena zen Juan Maria Alustiza Domerecq, landa eremuko ondasunetan.
Aberastasun horiek, ordea, haren aita Braulio Alustiza segurarrak eskuratu zituen, Vargasko markes Fernando Barrenetxea Lapatzak oinordeko unibertsal gisa hura utzi zuenean, XIX. mendean. Bilboko jatorria zuen familiak, baina Segurako Zurbano sendi boteretsuarekin ere ezkontzaz lotuta zeudenez, Goierrirako joera ere bazeukan. Barrenetxea Bizkaiko diputatu nagusi izan zen 1812an, eta Bilboko Begoñako patroi ere bai. Segurako hilerrian dago hobiratuta. Eliza ondoan dagoen estilo erromantikoko Alustiza jauregia hark eraiki zuen.
Zeraingo izen bereko jauregiarekin ere lotura bazuten barrenetxeatarrek. Jauregi hori herriaren fundazioa baino lehenagokoa da, 1300. ingurukoa, eta baliteke jauntxo hark jendeztatzea herria.
Alustiza sendiak, berriz, arotzeria eta ostatua zeukaten Seguran. Kondairak dioenez, hango alaba batekin semea izan zuen Vargasko markesak. Hil zenean, abizenik ez, baina ondasunak hari utzi zizkiola kontatzen da.