Mugikortasun astea ospatuko dute Idiazabalen datorren astean
Ostegunerako, hilaren 16rako, txirrinduak mantentzeko ikastaroa antolatu du Udalak. Ostiralean, aldiz, mugikortasunaren bigarren eskuko azoka izango da.
Mugikortasun astea izango da datorren astean, hilaren 16tik 22ra bitartean, eta Idiazabalen ere ospakizunak izango dituzte. Udalak hainbat ekimen prestatu ditu mugikortasunari lotuta. Aurreko udaberrian ‘Idiazabal, guztiontzako espazioak eraikiz’ parte-hartze prozesua jarri zuen martxan udalak Hiritik At-ekin elkarlanean, espazio publikoari eta mugikortasunari buruz epe ertainean egin zitezkeen ekintzak aztertzeko, eta datorren astean jasotako proposamenak azalduko dituzte.
Lehenengo ekintza izango da hori, hilaren 15ean, udal areto nagusian. Prozesuko hausnarketak eta ondorioak azaltzeko saio irekia izango da. Hurrengo egunean, hilaren 16an, txirrinduak mantentzeko ikastaroa egingo dute, Idiazabalgo Txirrindulari Elkartearen eskutik, udaletxe ondoko kantxan. Ostiralean, aldiz, hilaren 17an. mugikortasunaren bigarren eskuko azoka izango da. Mugikortasunari lotutako objektuak salerosteko aukera izango dute parte hartzaileek: kaskoak, patineteak, txirrinduak… Kale ikuskizuna ere izango da egun berean: ‘Reciclantes’. Material berrerabilgarriak erabiliz, musika-ikuskizuna egiten dute.
Hilaren 18rako, larunbaterako, mugikortasun martxa antolatu dute. “Udalak bi txirrinda alokatuko ditu mugikortasun mugak dituzten herritarrei herrian barrena ibiltzeko aukera emateko”, azaldu du Alazne Elorza komunitate dinamizatzaileak. Oinez, patinetan edo txirrinduaz ere egin daiteke ibilbidea. Martxa amaieran, herritarrei opari bana emango die udalak plazan.
Hilaren 20ko astean ere, herritarrek udalak alokatutako txirrinda horiekin ibiltzeko aukera izango dute. Hilaren 21ean, Izalbira adinekoen paseo osasuntsuen ikasturte berriko lehenengo bira izango da, eta txirrindua erabiltzeko aukera ere eskainiko dute. Herriko hainbat eragilerekin lan egingo du udalak mugikortasun astean. Baita eskolarekin ere. “LH 5 eta 6-koekin bide segurtasun ikastaro bat egingo dugu, txirrindan ibiltzeak dauzkan onurak eta seinaleztapena azaltzeko. Puntu ilunen detekzioa ere egingo dugu, puntu horien egoera haurrei esateko”.
Ekintzen helburua “mugikortasun sentsibilizazioa egitea, modu osasungarrian ibiltzeko aukerak aztertzea eta beste ohitura batzuk hartzea” izango da.