GRABNIko partidak Zumarragan jokatuko dira
Igande honetan Arabako pilotariek Bizkaikoen aurka jokatuko dute. Beloki pilotalekuan 340 ikuslerentzako tokia egongo da eta sarrera doan izango da
Federazioen arteko GRABNI txapelketa afizionatu mailako pilota txapelketa garrantzitsuenetako bat da. Pandemia dela eta, aurtengo eskuz binakako txapelketa berezia izango da eta partida guztiak Zumarragan jokatuko dira.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxako federazioek parte hartuko dute. Pandemia dela eta, Iparraldekoek ez parte hartzea erabaki dute.
Igande honetan Arabako eta Bizkaiko ordezkariek jokatuko dute, bai gazte mailan eta bai nagusi mailan. Izan ere, bi federazio hauek 4. eta 5. postuan sailkatu ziren (bai gazteen mailan eta bi nagusien mailan) duela bi urte jokatu zen txapelketan. Iaz ez zen txapelketarik egon.
Irabazleak finalerdietara pasako dira. Finalerdietako zozketa astelehenean egingo da. Zozketan Gipuzkoa, Nafarroa, Errioxa eta igandeko irabazleak sartuko dira.
Finalerdietako lehen jardunaldia hilaren 19an jokatuko da eta bigarren hilaren 26an. Finalak, berriz, urriaren 3an jokatuko dira. Partida guztiak Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatuko dira, 11:00etan. Eusko Jaurlaritzak %50eko edukiera baimendu du. Beloki pilotalekuan 680 eserleku daudenez, 340 ikusle elkartuko dira gehienez. Sarrera doan da.
Prentsaurrekoa
Txapelketa atzo aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Euskadiko Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako Joxe Mari Mitxelenak eta Aitor Erauskinek eta Mikel Serrano alkateak parte hartu zuten.
Mitxelena diruzaina eta joko zuzeneko arduraduna da eta Erauskin zuzendari teknikoa. Mitxelenak Zumarraga ondo ezagutzen duela esan zuen. «Duela 45 urte jokatu nuen lehenengoz Zumarragan eta askotan etorri naiz bertara. Izan ere, Jabier Goñi lehengusua nuen. Zumarragan beti oso ondo hartu naute».
Zumarragako Udalaren laguntza eskertu zuen. «Poema batek Zer litzateke Euskal Herria pilotarik gabe? dio. Zer litzateke pilota Zumarragako Udalik gabe? Pilotan inbertitzea balore segurua da eta Zumarragako Udalari pilotan inbertitzeko jarraitzen eskatu nahi diot».