Paul Bereziartua durangarrak irabazi du Igartzako Mendi Duatloia
Bigarren Iñaki Isasi sailkatu da, Euskal Herriko zirkuituko Igantziko lehen probako ordena aldatuta. 42 atletak parte hartu dute banakako modalitatean, eta beste 30ek bikoteka. Lehen bikotea, Koldo Agirre eta Jon Ormaetxea beasaindarrak.
Beasainen gaur arratsaldean jokatu da IX. Igartza Mendi Duatloia, Euskal Herriko zirkuituko bigarren proba puntuagarria. Aurreko asteburuan Igantziko (Nafarroa) lehen lasterketan azaldu ziren faboritoek ez dute hutsik egin gaur ere. Beasaingo Igartza auzoko helmugan –festak ospatzen ari dira asteburuan–, Paul Bereziartua izan da onena, eta bigarren Iñaki Isasi beteranoa. Igantzin, hain zuzen, Isasik irabazi zuen, eta Bereziartua bigarren izan zen.
Sargori puntuarekin, eta besteetan baino ibilbide gogortxeagoarekin jokatu da mendi duatloia. Lehen zatian, 4,2 kilometro korrika, Josu Urrestarazu idiazabaldarrak markatu du denbora onena (21:06). Sailkapen nagusian, azkenean laugarren egin du. Bizikletako bigarren sektorean (11,4 km, bi itzulitan banatuta) sortu dira denbora erabakigarriak. Paul Bereziartua (korrikako lehen trantsizioan 3. iritsi da) aurre hartu du, eta Isasik soilik jarraitu ahal izan dio gertutik (30 segundoren aldea azken trantsizioan).
Bukaeran, Bereziartuarekin eta Isasirekin, podiuma Eneko Gurrutxagak osatu du, hirugarren. Lehen goierritarra Urrestarazu izan da.
Emakumezko bakarrak parte hartu du banakako duatloian, Enara Oronoz nafarrak. Hark irabazi du Igartzako saria, 1:36:16 denborarekin.
Bikoteka, erreleboka
Banakakoarekin batera, bikotekako lasterketa ere jokatu da. 15 bikotek parte hartu dute, horietatik bi mistoak. Trigoi triatloi taldeko Koldo Agirrek (korrika aritu da) eta Jon Ormaetxeak (mendi bizikletan) irabazi dute (1:13:46). Borja Aranzabe eta Oier Elortza izan dira bigarren, 12 segundora, lehia estua eskainiz. Bizikletan, Igartza auzoko kaletik Arrieta baserrirako aldapa pikoaren gogortasuna nabarmendu dute partaideek.
Banakako irabazle Paul Bereziartua, 21 urteko durangarra, hirugarren aldiz izan da Beasainen. “Lehen sektorean sufritu dut, aldapa gogorra baitzegoen. Bizikletan, gutxinaka erritmoa hartzen joan naiz, eta horri eutsi diot. Azkeneko korrikako zatian, berriz, mantendu egin dut”. Denboraldiko lehen garaipenarekin gustura zegoen bizkaitarra. “Urtearen lehen erdian mendiko bizikleten Green Seriea egiten aritu nintzen, eta orain korrika ere bai. Igartzako probara etortzea asko gustatzen zait, giro oso ona ere egoten da eta”, azaldu du Bereziartuak.
SAILKAPENAK
IX. Igartza Mendi Duatloia
Banaka gizonezkoak
- Paul Bereziartua (Mugarra Triatloi Taldea), 1:11:10
- Iñaki Isasi (Aiaramendi), 1:11:52
- Eneko Gurrutxaga, 1:12:32
- Josu Urrestarazu (Idiazabal), 1:12:59
- Alexander Ordeñana (Basabikes), 1:13:50
- Javier Fernadez, 1:14:35
- Aitor Regillaga (Galarregi Galdaratz), 1:15:15
- Eñaut Salegi (Niktri), 1:16:02
- Jon Aperribai (Galarregi Galdaratz), 1:16:39
- Ibon Aristimuño (Sakatu), 1:16:51
Banaka emakumezkoak
- Enara Oronoz, 1:36:16
Bikoteka erreleboka
- Koldo Agirre – Jon Ormaetxea (Trigoi TT), 1:13:46
- Borja Aranzabe – Oier Elortza, 1:13:58
- Pello Olaberria – Iñigo Alvarez (Osiñarte), 1:14:37
- Ibon Ruiz de Alda – Hugo Ricardo Teixeira (Vibike), 1:14:42
- Jose Talavera – Iñaki Salaberria (Independiente), 1:14:45