Talidomidak kaltetutakoen errealitatea abiadan eraman dute Legorretan, krosarekin
Abestia eta bideoklipa atzo aurkeztu, eta IV. Krosa egin dute gaur, Avite elkarteari laguntzeko. Jendea, korrika gosez, erruz inguratu da: 131 korrikalarik egin dute 7 kilometroko ibilbidea, tartean Mariano Garmendia herritarrak.
Talidominak kaltetuak, baina herri oso batek aupatuak. Legorretan, laugarren urtez, errealitate erakustaldia eta solidaritate emanaldia egin dute, talidomidak botikak kaltetutako pertsonen egoera ezagutarazteko. Avite elkarteak gidatuta, abestia eta bideoklipa aurkeztu zituzten atzo Legorretako Herri Antzokian. Zea Mayseko Aiora Renteriak, Barricadako Enrique Villarreal Drogas-ek, Legorretan gitarra irakasle izandako Koldo Saezek eta Josu Madinak konposatu dute pieza.
Gaur arratsaldean, berriz, IV. Korrikaldia egin dute, Legorretako kaleetan eta errepideetan. 131 partaide arrimatu dira, aspaldian horren urri izan diren baina pixkanaka ernetzen ari diren korrika probetarako gosez. 97 gizonezko eta 34 emakumezko, talidomidak ezindutakoen ordez eginahal fisikoa eskaintzeko prest.
Partaideen artean, 1 dortsalarekin, Mariano Garmendia legorretarra irten da. Ibilbidea osatu du hark ere, ordu erdi bat lehenago abiatuta eta laguntzaile talde bat inguruan hauspo emaile zuela. Oinez, baina geratu gabe, txalo zaparrada baten erdian sartu da Legorretako udaletxe parean jarritako helmugara.
Zure Irria Gure Indarra taldekoak ere Legorretan izan dira, gaur. Urritasun funtzionala eta mugikortasun mugatua duten 5 haur gurditxo banatan eraman dituzte elkarteko kideek eta kolaboratzaileek. Jakes Lopez idiazabaldarrak abiatutako ekimenak ere elkartasuna eta txaloak jaso ditu.
Unai Ibarra eta Josune Alberdi garaile
Kirol probari dagokionez, Unai Ibarra izan da azkarrena (22:30). 7 kilometroko ibilbidea 3 itzulitan osatu dute: lehena motza, eta bi luzeago. Berehala jarri da lasterketaren buruan, eta alde handia atera dio Aitor Zunzunegi legorretarrari, bigarren. Xabi Apaz sailkatu da hirugarren (24:25).
Emakumeen garaipena estuago izan du Josune Alberdik. Elena Beristainekin buruz buru ibili da karreraren zati handi batean. 30:30 minutuan bukatu du Alberdik, eta 31:16an Beristainek. Amagoia Mitxelenak osatu du podiuma (31:49).
Lasterketaren irudi batzuk (argazkiak: Aimar Maiz Morea)