Aldabea, turismoa eta jasangarritasuna uztartuz
Legazpiko alojamendu turistikoen eskaintza handitzeko helburuz, jasangarritasunean eta energia berriztagarrietan oinarritutako proiektua jarri dute martxan Monteagudok eta Bezunarteak.
Legazpik bi alojamendu turistiko berri eta berezi izango ditu laster herriaren erdigunean, plaza ondoan. Aldabea apartamentu turistikoak jasangarriak izango dira, eta energia berriztagarriak erabiliko dituzte. Monica Monteagudok eta Alberto Bezunarteak sustatutako proiektua da, eta herrian alojamendu mailan dagoen eskaintza osatzeaz gain, jasangarritasunaren inguruko funtzio didaktikoa eta hezitzailea ere izango dute.
Aizkorri kaleko apartamentu horietan eguzki panelak instalatu berri dituzte, barruko azpiegitura eta isolamendu lanak ere eginda dituzte, aerotermia ekipoa instalatzear da… Lanak aurreikusitako martxan badoaz, urriaren amaieran irekiko dituzte Aldabea I eta Aldabea II.
‘Aldabea’ jo eta sartu
Atea jotzeko aldabaren Legazpiko ‘aldabea’ adiera erabili dute proiektua izendatzeko, logotipoaren diseinuaz arduratu den MKL estudioaren proposamenari jarraituz. Aldabea bi lagunentzako apartamentu bat eta lau lagunentzako beste bat dira. Aizkorri kalean daude biak, plazatik 50 metro eskasera.
«Herrigunean ez dago horrelako eskaintzarik», dio bikoteak, eta hortik abiatuta, duela 5 urte erositako bi lokalei irteera emateko modua ikusi zuten, baina «turismo jasangarriaren ereduan oinarrituta». Alde horretatik, Aldabea «turismoaren alorrean proposamen aitzindaria» dela diote, «energia egoki kudeatzeko eta aurrezteko neurrien aplikazioan, jasangarritasunean eta energia berriztagarrien erabileran» eredu praktikoa delako.
Informazioa eta tailerrak
Aldabea apartamentuen sustatzaileek ezaugarri horietaz baliatu nahi dute, bestalde, proiektuari kutsu didaktikoa eta hezitzailea eransteko. «Bisitak an- tolatuko ditugu, energiaren alorreko informazioa zabaltzeko eta tailer praktikoak egiteko». Energia berriztagarrien mundua herritarrei «gerturatzea» da helburua, eta besteak beste, apartamentuetako instalazioen energia ekoizpena eta kontsumoa azalduko duten panelak jarriko dituzte kalean, eta internetez ere monitorizatuko dituzte datuak.
Hori guztia aurrera eramateko, herritar ugariren laguntza jaso dute Monteagudok eta Bezunarteak, www. goteo.org plataforman zabaldutako crowfunding kanpainari esker. Oraindik martxan dago.