Protestak deitu dituzte erresidentzietako langileek gaurko eta biharko
Manifestazioak eta elkarretaratzeak deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek, Donostian. Hurrengo asteetarako mobilizazio gehiago deituko dituztela aurreratu du ELA sindikatuak
Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako langileek bi greba egun deitu dituzte, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Gaur, osteguna, eta bihar, ostirala, egingo dituzte protestak, beste behin ere, eta aspaldiko eskaerei eutsiz, lan baldintza hobeak exijituko dituzte. Mobilizazioak, Donostian egingo dituzte, 69. Zinemaldia ospatzen ari dela aprobetxatuz, gatazkari ikusgarritasuna emateko helburuarekin. Gaur, manifestazioa egingo dute, Sagüesetik, 11:00etan abituta. Bihar, berriz, 10:00etan auto karabana egingo dute, DomusVI berra erresidentziatik abiatuta, eta 11:00etan elkarretaratzea, Txara II erresidentzian.
Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetako langileen lan eskubideen aldeko borroka, luze doa: iragan ekainaren 14an egin zuten, adibidez, 250. greba eguna ELA sindikatuak deituta; eta LABek ere egin ditu hainbat. Deialdi berri honetan, eskutik helduta doaz bi euskal sindikatuak.
LABeko ordezkarien arabera, bi greba egunak eta horietan egingo dituzten ekinaldi eta mobilizazioak «bateratuak» izango dira. Era berean, ELAko ordezkariek beste sindikatu guztiak ere gonbidatu dituzte «indarrak batu» eta antolatuko dituzten grebetan eta mobilizazioetan parte hartzera.
Gogorarazi dute, aste honetako mobilizazioen ostean, protestekin jarraituko dutela.