Sozializazio-paseoak gaur zortzi hasiko dira
'Ondo ibili ondo izan ekimena' aurkeztu dute gaur. Izen ematea zabalik dago
Ondo ibili ondo izan ekimena datorren ostegunean hasiko da, gaur zortzi. Udan atseden hartu eta gero, neguan bizimodu sendentarioa alboratzeko deia egin dute; gainera, harreman sozialak ere landuko dituzte. “Jarduera fisikoa eta soziala uztartzen dituen ekimena da”, laburbildu du Jon Iturbe Antzizar kiroldegiko kirol teknikariak.
Iazko formatuari eutsiko diote: Gernika pasealekuko frontoitik abiatuko dira, 10:00etan, talde txikietan banatuta. Euria ari duenean plazapeko arkupeetan ibiliko dira.
Edonork eman dezake izena, baina bizimodu sedentarioa dutenei eta adineko pertsonei bideratuta dago, bereziki. Izena emateko Antzizar kiroldegiarekin harremanetan jarri behar da. Bertara joan daiteke edo telefonoz, deitu: 943 88 79 00.
Ekimenaren aurkezpena gaur goizean egin dute. Erabiltzaile batzuez gain, Leire Artola alkatea, Elena Ruiz Kirol Zinegotzia eta Axier Borrego, Osasun etxeko eta Kiroldegiko Kirol orientatzailea izan dira. Egitasmo honen antolakuntzan Udalarekin elkarlanean eragile hauek parte hartzen dute; Beasaingo osasun etxea, Beasaingo Udala, Asmube, Aranealde, Nagusilan, Aita Menni eta Osasun Saila.